Aixerrotatik harago

Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2026ko otsailaren 20a

Algortako Aixerrotatik hasi eta Barrikaraino doan kostako ibilbidea jendetsua izan ohi da. Egun parapenteak, surflariak eta hondartza zaleak ikus ditzakegu. Baina denboran atzera joango bagina duela 80 urte bunkerrak egiten ikusiko genituzke. 200 urte pasatxo lehenago haize-errota eta gotorlekua eraikitzen. 700 urte atzerago leiho erromanikoa zizelkatzen. Duela 100.000 urte gure arbasoak silexezko tresnak egiten. Duela 150.000 urte Neandertalak izango ziren silexearen bila. Guzti hauek 110 miloi urteko flyschean. Goazen ba.

Algortako metro geltokian hasi dugu ibilbidea eta mendebalderantz eginez, laster Aixerrotara heldu gara, zaharberritua eta jatetxe bihurturik. Historia eginez: 1720ko hamarkadan lehorte handiak izan ziren, eta ur gutxiko erreken bazterreko errotak erdi gelditu egin ziren. Hauen ordez haize-errotak hasi ziren eraikitzen, Europa iparraldekoen modeloak jarraituz, baina harrizkoak. Bizkaian lau mantentzen dira gaur egun; lehena eraiki zena, Artxandakoa, Getxoko hau, Ispasterreko Aixeder eta Larringanekoa Abadiñon. Eraiki ziren, baina oso denbora laburrean egon ziren martxan edo hasi ere ez. Euria berriro etorri eta errentagarriak ez zirenez ixten joan ziren eta bizileku bihurtzen.

 

Itsasoa beti lagun dugula aurrera egin dugu eta laster, eskuinaldeko parketxo batean, Memoriaren Liburua eskultura aurkitu dugu, 36ko gerran hildakoen omenez. Aurrerago ezkerretara, Galeako gotorlekua dago; XVIII. mendean eraikia. Lehenago leku bera baleak begiztatzeko zein faro legez erabili zen. Oraingo itsasargia, 1950. urtean eraikia, aurrerago aurkitu dugu, etxeak amaitzen direnean. Gorrondatxe hondartza interesgarrira jaitsi gara aldapa gogorretik, bertan flyscha hasi gara ikusten eta bertan “urrezko hiltzea” dago. Mundu mailan ondoen erakusten den sasoi bati eskainia, Lutetiar sasoia, 47,8 – 41,2 miloi urte tartea hain zuzen. 2012an jarritako plaka txiki baten ondoan dago. Hondartza honetan aurkitu zen ere espezi bateko fosil ezezaguna, “Morozovella gorrondatxensis” bataiatua. Ikustekoa da ere, hondartza zementatuak edo industria-jatorriko zaramak pilatuz sortu diren harkaitz berriak.

Berriro goitik jarraituz bunker handi batera heldu gara, frankismoan eraikia eta gaur egun guztiz tuneatuta. Aurrerago Barinatxe hondartzara jaitsi gara. Hemen flyscha nabariago da; aro geologikoak ederto erakusten duten harkaitzak. Esate baterako dinosauroak lurretik desagertu zen aroa holako “marra” batean ikusi daiteke, zein den jakinez gero. Hondartzatik atera eta, Arrietara eta Atxabiribil hondartzetara joan gara, bi izen nahiz eta ia beti hondartza bakarra izan. Hemen ere flyscha nabaria da eta irudi ederrak osatzen ditu. Hondartzatik irten eta urbanizazioaren ezkerretik, itsas ertzetik joan gara. Amaitu da ekarri dugun espaloi erosoa eta lurrezko bidezidorretatik jarraitu dugu. Horrela heldu gara Barrikako elizako leiho erromaniko ederreraino.

Ezin dugu utzi aipatu barik egin dugun 15 kilometroko ibilbidean historiaurreko gizakien kokaleku ugari aurkitu direla eta silexezko milaka pieza, izan ere Kantauriko silexezko tresnen produkzio handiena inguru hauetan zegoen. Baina gai honetan eta Aranbaltzako makilaren historian hurrengo artikuluan sakonduko dugu gehiago.