Barrika, Plentzia eta Gorliz. Natura eta historia

Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2026ko otsailaren 26a

Udan gainezka dauden hiru herri hauetatik egingo dugu ibilaldia oraingoan. Oinez goazela, itsasoa beti begi bistan, natura eta paisaiaz gozatzen dugun bitartean, konturatuko gara historia beteaz daudela hiru herri hauek. Merezi du 9 km hauek patxadaz egitea.

Barrikako elizako leiho erromaniko txukuna bisitatu dugu lehendabizi. Bizkaian oso arte erromaniko gutxi dago eta hauxe da horietako bat. Ondoren, aparkaleku handitik oinez hasi eta Barrikako hondartzara jaitsi gara. Bertako flyscha ikusgarria da, bereziki marea behean. Hainbat figuratako haitzak aurkituko ditugu labarretako hormetan zein hondartzako areatik itsasoratzen, benetan ederra. Lehen jaitsitako 287 eskilarak igo ostean, arnasa hartu bitartean, panelean gelditu gara.

Bertan, Kurtzioko tailer paleolitikoaren berri ematen da. Gaur egun, gezurra dirudien arren, hementxe bertan gizakia historiaurretik ibili izan da, beraien tresnak egiteko asmotan. Kontuan hartu behar da silexa inguruko harri arrunta dela eta Berangotik Sopelara hainbat indusketa egin direla: Agirremendi, Mendieta, Urtxubi, Ollagorta, Goierri, Aranbaltza, eta ia hemen bertan, Kurtzio. Indusketetatik milaka silex tresna atera dira. Aipamen berezia merezi du 2015. urtean, hemendik gertu aurkitutako Aranbaltzako makilak. Hagina-egurrez egindakoa da, 100.000 urte inguru dituela kalkulatzen da eta Neandertalek landu ei zuten lurra zulatzeko. Gure ibilbidean ez ditugu aurkituko tresna guzti hauek, jakina, beraiek ikusteko museoetara jo beharko genuke, Bizkaiko Arkeologia Museora edo Plentziako museora.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Aurrera egin dugu iparralderantz, GRaren marra gorri-zuriak jarraituz. Itsaso ertz-ertzetik doa bidezidorra, paisaia ezin ederragotik. Lur muturrari bira eman eta Muriola hondartza politera jaitsi gara. Aurrez aurre, Gorlizko lur muturrean, flysch beltza eta kare-flyscharen trantsizioa ikusi daiteke. Aurrera eginez Butroe ibaiaren bokalera heldu gara, ezkerrean ibaia eta eskuinean berreskuratutako Txipioko Padura, errepidearen beste aldeko paneletan ondo azaltzen denez.

Oinezkoen zubian gelditu, eta txalupen bista lasaiaz gozatu bitartean, begiak itxi eta mende batzuk atzera egin dugu, Erdi Aroko Plentzia, Plazentzia orduan, hiribildu harresitua dugu aurrean, eta ur bazterrean, ontziolak. Atzerago joanez, erromatarrak ikusi ditugu bokalean, bertan aurkitutako zenbait txanponek horren lekuko dira.

Zubia gurutzatu eta eskuinaldean marea-errota bisitatu dugu, itsasoaren urak aprobetxatuz zebilena. Pasealekutik jarraitu beharrean, eskailerak igo eta Barrenkale eta Artekale atzean utziz, Goienkaletik jarraituz, antzinako jauregi batean museoa dago. Bertan, gehien bat, Plentziak itsasoarekin izan duen lotura erakusten da, aipatutako txanponak eta zenbait silexeko tresnekin batera. Plazara joan eta eliza ondoko arkupetik pasatu gara, zegoen harresitik geratzen den ia aztarna bakarretik. Portura jaitsi gara.

Hondartza eder parera heldu, eskuinera egin eta Gorliz herriko elizaraino joan gara. Bertan aipatzeko dira eguzki-erloju bi, bata elizan eta bestea inguruko etxe baten aurrean dagoena. Ondoko baserrian, Larraganenan, eguzki itxurako estela ederra aurkitu zen, Bizkaiko Museo Arkeologikoan ikusgai dagoena. Amaitutzat eman dugu gaurko ibilaldia.