Loraldirako sarrerak, zozketan

aikor 2026ko martxoaren 2a

Martxoaren 10etik 30era bitartean, 12. Loraldia Festibala egingo da Bilboko zenbait aretotan. Martxoan zehar hainbat ikuskizunerako sarrera bikoitza zozkatuko ditu aikor aldizkariak irakurleen artean.

Bihar, martxoak 3, izango da azken eguna hurrengoko zozketa hauetan parte hartzeko:

1TZ4L1 3T4 P1ZTU. Martxoak 10 · 19:30 · Kafe Antzokian
“Itzali eta Piztu”. Zuzeneko musika elektronikoa eta bat-bateko bertsolaritzaren arteko elkarlana du abiapuntu planteamendu musikal berri honek. Bi diziplina orain arte bereiziak modu malgu eta librean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen arituko dira.

Ahots kordak: Eñaut Elorrieta & Alos Quartet. Martxoak 11 · 19:30 · Sociedad Filarmónica de Bilbao
Ahotsa eta sokak. Elementu horiekin arituko dira Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet. Elkarren diskoetan askotan kolaboratu duten arren, lehenengo aldiz aurkezten dute zuzeneko proiektu bat elkarrekin: Ahots Kordak. Kontzertu bakan eta berezia izango da.

IKIMILIKILIKLIK Vol.2 Martxoak 12 · 19:30 · Arriaga Antzokia
Iñaki Salvador / Oreka Tx (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro) / Libe Kortazar / Intza Alkain / Itziar Garaluce. Edurne Azkarateren zuzendaritzapean
Duela 50 urte, Mikel Laboa eta Artze Anaiak abangoardiaren esperimentazioaren bidean murgildu ziren eta Ikimilikiliklik izeneko sentikaria plazaratu zuten. Ikuskizun harrigarri eta berritzaile hark diziplina anitz uztartu zituen: Laboaren lehen kantak, Artzeren poesia, ikus-entzunezkoak, Zumetaren artea… baita txalapartaren erabilera berri bat. Sormen honekin Veneziako Bienalera bidaiatu eta nazioarteko onespena jaso zuten.

Verde Prato Martxoak 15 · 12:30 · Guggenhheim Bilbao Museoa
Bizitza ezita eta Euskal Pop Erradikala. Euskal kantutegia berritzen ari diren artista gazteen belaunaldi berri baten erakusle da Verde Prato. Ohikoak ez diren bideetatik ari da sortzen etorkizunari begira, baina iragana ahaztu barik. Horregatik, kontzertu honen atal nabarmena izango dute Euskal Rock Erradikala etiketa daramaten hainbat kantek. Verde Pratok berak miresten dituen laurogei hamarkadan sorturiko abestiak dira: “Pakean utzi arte” (Hertzainak), “Zu atrapatu arte” (Kortatu), besteak beste. Belaunaldi baten erreferentziak izan ziren kanta hauek mundu propioetara eramango ditu, ikuspegi berri eta femeninoagoa agerian utziz.