Historian aurkitu den lehen musika arrastoa duela 60.000 urtekoa da, hau da, Goi Pleistozeno edo Pleistozeno Berantiarrekoa. Garai hartan, Homo Sapiens gizakia mundutik barrena hedaturik zegoen eta, batik bat, Eurasian ziren Neanderthal gizakiek ehizatutako animalien hezurrak eta bestelako tresnak zerabiltzaten ‘musika tresnak’ egiteko, ahotsa erabiltzeaz batera. Ordutik hona, musikak hainbeste milurtekotan iraun badu, zer izan dezake gerrak, pandemiak eta bestelako krisiak gainditzeko eta, gaur egun, hain garrantzitsu izaten jarraitzeko?
Musika eta sentimenduak eskutik helduta doaz beti. Emozioak etiketatzen ditugun moduan, gauza bera egiten dugu abestiekin: kanta 'tristeak' entzun goibel gaudenean, edo abesti 'alaiak' aukeratu dantzatu nahi dugunean. Egia esatera, nire aburuz, ez dago abesti tristerik, alairik, argirik edo ilunik; guk, gizabanakook, estimuluen bidez antzematen dugunari jarraituz ezartzen dizkiogu etiketa horiek musikari.
Eta etiketa horiek aintzat hartuta, nahiko erraza da abestiak idaztea, filmetako soinu bandak konposatzea edo telebistan ikusten ditugun iragarkietako musika sortzea. Dena dela, sormenezko ekintza horretan, jakina denez, beste alderdi batzuk ere kontuan hartzen dira. Imajina dezagun, berbarako, beldurrezko film batean, akorde berdintsuak (C - Eb - Gb) erabili beharrean, 'Macarena' entzuten dugula. Pentsaezina dirudi, ezta? Antza denez, momentuko tentsio hori galduko litzateke eta ez litzateke hain erakargarria izango (Parshall, A., 2025)1. Hori dela eta, iragarkiak sortzen dituzten enpresek abesti eta musika erabat espezifikoak eta egokiak baliatzen dituzte, hiru egun igarota ere, doinua (eta produktua, zer esanik ez) buruan atxiki dezazun.
Horra hor musikaren eta giza burmuinaren arteko lotura. Musika entzuten dugunean, ez da soilik entzumen kortexa aktibatzen. Ia burmuin osoa pizten da. Erritmo batek gure mugimendua koordinatzen du, melodiak oroitzapenak ekartzen dizkigu, eta harmonia jakin batzuek atezuan edo bare egon gaitezen eragiten dute.
Nahasketa hori, baina, ez da kimika hutsa. Soinuaren araberako iragarpena da. Gure burmuinak hipotesiak egiten ditu etengabe: Zer nota etorriko da gero? Zer erritmo? Eta espero duguna gertatzen denean, plazera sentitzen dugu; hausten denean, ordea, ezustea… Musikagile edo konpositoreak, jakinda edo jakin barik, iragarpen horrekin jolasean ibiltzen dira abestiak konposatzean (Weigmann, K., 2017)2.
Aurrekoak azaltzen du zergatik diren horren eraginkorrak beldurrezko filmen soinu bandak edo iragarkietako doinu gogoraerrazak. Gure burmuina patroiak antzematen eta gogoratzen trebatuta dago. Eta musikak, azken batean, patroiak edo ereduak eskaintzen dizkigu, emozioei loturiko patroiak. Horregatik, doinu bat gogoratzen dugunean, doinu horri atxikitako momentu bat, pertsona bat… edo produktu bat gogoratzen dugu.
Horrenbestez, musikak milaka urtetan iraun badu, agian ez zuen iraungo arte soila delako. Beharbada, gure biologiaren zati delako iraun du gaurdaino. Baliteke musika kanpotik etorritako zerbait ez izatea, gure barrenean sortzen den zirrara baizik.
Orduan, zer da musika zuretzat? Gure burmuinak mundua ulertzeko darabilen moduetako bat, akaso?
1 Parshall, A. (2025). How composers make horror movie music sound terrifying. Scientific American. https://www.scientificamerican.com/article/how-composers-make-horror-movie-music-sound-terrifying
2 Weigmann, K. Feel the beat. EMBO Rep 18, 359–362 (2017). https://doi.org/10.15252/embr.201743904