1.500 eurokoak izan behar dira gutxieneko diru sarrerak Euskal Herrian duintasunez bizitzeko. Ez diot nik, Europar Batasunak dio: lurralde bakoitzeko diru sarreren bataz bestekoaren %60 izan behar da lurralde horretako gutxieneko soldata. Gure kasuan 1.500 euro.
Baliteke zure buruari “nork kobratzen ditu 1.500 euro baino gutxiago?” galdera egin izana, harriduraz edo. Bi pertsonatik batek litzateke erantzun zuzena. Zu bizi zaren eraikineko bizilagunen erdiak ez dauka duintasunez bizitzeko pentsio, soldata edo diru sarrerarik. Langile aktiboetako bostetik batek.
Aberatsak gero eta aberatsago, eta langileok gero eta pobreago gara. Langileon lan indarraz sortzen dugun aberastasun gehiena enpresen esku gelditzen da. Dirua egon badago, gero eta esku gutxiagoren artean banatzen da, ordea: hori frogatzen du BPGan (lurralde bateko aberastasunaren neurgailuetako bat) soldatek gero eta pisu gutxiago izateak. 1.500 euro baino gehiago kobratuta ere, gutxi eta geldo igo dira soldatak azken urteetan, zeresanik ez bizitza igo den prezioarekin alderatuz gero.
Horregatik, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoaren 17rako greba orokorra deitu dugu. Gutxieneko soldata propioaren alde: Euskal Herrian gure errealitateari lotutako gutxieneko soldata izateko. 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde: herritar oro duintasunez bizitzeko. Eta aberastasuna banatzearen alde: denon artean sortutako aberastasuna hobeto banatzeko.
Guztioi eragiten digun gaia da, baita zuri ere. Greba hau langile klase guztiarena da, ez bakarrik egun 1.500 euro azpitik kobratzen dutenena. Soldatak hobetzeaz eta gutxieneko soldata bat ezartzeaz ari garelako, guztiontzako. Elkartasunagatik, datozen belaunaldiengatik, bihar gerta daitekeenagatik.
Greba egiteko unea da, lantokiak hustu eta kaleak betetzekoa. Martxoaren 17an, zuk ere egin greba!