Eskola jangeletako greba bertan behera utzi dute

Mikel Reina Barros

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, aurreakordioa lortu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jangeletako langileen hitzarmen kolektiboan. LABek dauka gehiengoa (%54) negoziazio mahaian, eta CCOO eta UGT ere batu egin dira akordiora; beraz, bertan behera geratu dira sektorean biharko eta etziko deituta zeuzkaten grebak. ELAk ez du hitzarmena sinatu. 

Izan ere, hiru greba egunetako lehena izan zuten atzo eta arratsaldean bilera izan zuten. 3 urteko geletan hogei haur baino gehiago daudenean, begirale bat egongo da, eta Lehen Hezkuntzan 2027-2028ko ikasturterako ratioa 37 ikasletik 30era jaitsiko da. “Aurrerapen garrantzitsua da ikasleen arreta eta langileen lan baldintzak hobetzeko”. Era berean, soldatak sukaldeko langileenekin parekatuko dituzte, eta horrek %6,5eko igoera ekarriko du.