“Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”

Mikel Reina Barros 2026ko martxoaren 18a

Greba orokorreko ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatu deitzaileek esan dute greba euskal langile klasearen “indar erakustaldia” izan dela. Bilboko goizeko manifestazioan 45.000 lagun elkartu ziren eta eskualdeko mobilizazioa Derion egin zuten arratsaldean.

“Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal gizarteak ez duela amore emango 1.500 euroren aldarrikapenean”. Argi utzi dute sindikatu deitzaileek martxoaren 17ko greba orokorraren balorazioa egiterakoan.

Duela urtebete baino gehiago jarri zen martxan hemengo errealitateari egokitutako gutxieneko soldata baten aldeko dinamika. Gutxieneko soldata propioa neurri “beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria” dela diote. Era berean, gogoratu dute patronalak eta gobernuek sindikatuen ekimena mespretxatu zutela, eta abian jarritako bi bideak ixtea adostu zutela: negoziazio kolektiboarena eta bide politikoa. 

Grebak, ordea, bestelako bideak ireki dituela diote. "Gaur atzo baino indartsuago gaude, eta bai alderdi politikoak, bai patronalak, horretaz ohartu dira. Ez gara geratuko helburua lortu arte". 

Gainera, azpimarratu nahi izan dute grebak izan duen “eragin mediatikoa, sozial eta politikoa”. “M17 ez da egun arrunta izan. Euskal langile klasearen ahotsa entzun da lantokietan eta kalean. Gutxieneko soldata propioa eta, oro har, aberastasunaren banaketa eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatu dira”.