“Era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileen konpromisoak sustatzea da asmoa”. UEMAko lehendakari Martin Aramendik azaldu du “kezka handia” duela datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbeherarekin, eta “arduraz” bizi duela azken ikerketek hurrengo urteotarako aurreikusten duten galera.
“UEMAk argi du arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa dela, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen. Ezinbestekoa da egoerari buelta ematea, eta kezka eta ardura horretatik sortu da Esnatu dinamika ere”.
Aramendik adierazi duenez, Bertsozale Elkartea izan da, nolabait, ekimenaren aitzindaria: “Bidea aztertzen hasi ginenean, beste hainbat eragile ere prest zeudela ohartu ginen, euskarak behar duen pizkunde berriari ahal duten heinean ekarpena egiteko gogotsu baitaude bateko eta besteko talde, elkarte eta askotariko eragileak. Esnatu ala hil esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua”.
UEMAk ‘Esnatu’ dinamika herrietara ere zabalduko du bihartik aurrera, hitzaldiak, foroak eta eragileekin bilera zuzenak antolatuta. Herrien edo eskualdeen tipologiaren arabera modu batera edo bestera ekingo dio UEMAk horiek prestatzeari, udalekin lankidetzan.
Hurrengokoak dira parte hartu duten 18 eragileak: AEK, IKA, Bankoa Abanka, Laboral Kutxa, Kutxabank, ELA, LAB, Bilgune Feminista, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Pilota Federazioa, Euskadiko Futbol Federazioa, Cederna-Garalur elkartea, Euskaldendak, Fagor taldea, Plazaola Partzuergo Turistikoa, Hekimen, Lanartea eta Euskalgintzaren Kontseilua.