Apirilaren 15etik aurrera, izena eman duten herriek lagunartean lehiatuko dute Wellk kirol-aplikazioaren bidez. Hiru etapetan banatu dute: udaberria, apirilaren 15etik maiatzaren 17ra; uda, ekainaren 15etik uztailaren 15era: eta udazkena, irailaren 23tik urriaren 23ra.
Parte hartzea guztiz doakoa da eta 14 urtetik gorako pertsona guztiei irekita dago. Bat egiteko herritarrek Wellk aplikazioa deskargatu besterik ez dute egin behar (iOS eta Androiderako eskuragarri), profila sortu eta hasierako pantailan agertzen den Kirolur txartelean klik eginez euren udal-taldera batu. Jarduera fisikoaren erregistroa zuzenean aplikazioaren GPSarekin edo ohiko gailuak sinkronizatuz egin daiteke, hala nola Strava, Garmin, Fitbit, Apple edo Google Health Connect. Kilometroak puntu bihurtuko dira, baina ponderazio koefizientea eta biztanleria koefizientea erabiliko ditu aplikazioak puntuak emateko orduan.
Bizkaiko herririk aktiboena izatea bada saria, baina, horrez gain, gutxienez 150 puntu lortzen dituzten erabiltzaileek erronkako merchaidising ofiziala jasoko dute. Udalerriek ere izango dute saria: lehen postuetan geratuko direnek diru laguntzak jasoko dituzte herriko kirol klubek materiala erosteko.