Txepetxak euskara ikasteko aukera bikoitza eskaintzen du ‘Korrikaren 12. Eguna’ dinamikaren baitan

Mikel Reina Barros 2026ko apirilaren 20a

AEK-k Korrikaren indarra baliatu nahi izan du ‘Korrikaren 12. Eguna’ izeneko dinamika martxan jartzeko. Horri esker, euskara ikasten hasi nahi duenarentzat, ordubeteko eskola bat doan eskainiko dute eguaztenean, apirilak 22, Txepetxa euskaltegian. Bestetik, praktikatu nahi duenarentzat, maiatzaren 21ean Mintzodromoa osatuko dute.

Ekintzetan izena emateko hainbat bide zabaldu dituzte: Izena emateko korrika.eus/etaizangogara helbidean, eskuorrian dagoen QRaren bidez edo Txepetxa AEK euskaltegian.

“Benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak irauten duen 11 egunetatik harago joan behar dugu”. Horregatik jarri dute martxan Korrikaren 12. Eguna ekimena. Guztira 65 herritan egingo dituzte ekintzak.