ELAren eta LABen ustez, Hego Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak gero eta gehiago daude Espainiako Gobernuaren erabakien menpe, eta hori, hein handi batean, bertako alderdi politikoen “arduragabekeriagatik” ari da gertatzen. Horri buelta emateko, bi sindikatuek grebara deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileak, haien lan baldintzak negoziatzen diren mahaietan dagoen “blokeoa” salatzeko eta neurri horiek “hemen eta orain” adostera behartzeko.