Sindikatuek aldarrikatu dute euskarak “erabateko ofizialtasuna” behar duela eta enplegu publikoan euskara zein gaztelaniaren exijentzia parekatu behar direla, “euskararik ez dakiten langileei denbora eta baliabideak eskainiz”.
Euskaldunon oinarrizko hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi antolatua martxan dela diote: “Eragile sindikal, politiko eta mediatiko batzuk euskararen biziberritzeari trabak ezartzeko presio antolatua eragiten ari dira, eta erantzun antolatua ezinbestekoa da. ELA, LAB eta Steilasen eskaera oso sinplea da: euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea gauzatu dadila eta horretarako neurriak hartu daitezela”.