Guraso eta haurrei zuzendutako ‘Eusfera’ ekimena jarriko dute martxan 100 herri ingurutan

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 5a

Taupa euskaltzaleen mugimenduak maiatzaren 7tik 17ra osatuko du dinamika, eta familiek etxean garatzeko eta herrietan antolatuko diren Euspazioen bidez parte hartu ahal izango dute. Eusferak 0-12 urte bitarteko gurasoak aktibatu nahi ditu. 

Ekimenaren helburu nagusia argia da: haurren testuinguru linguistikoan eragitea, haur bakoitzaren unibertsoa euskaldunagoa izan dadin. “Eskolatik kanpoko eremuetan zentratuko da ekimena, eta eremu ezberdinetan euskararen mesedetan pausoak emateko baliabideak, tresnak eta espazioak eskainiko dizkie gurasoei”.

Taupan argi dute helburu nagusia dela euskararen erabilera sendotzea eta horretarako aukerak eskaintzea. Eta euskara gero eta gehiago erabiltze aldera, ezinbestekoa ikusten dute gizarte aktibazioa. Testuinguru horretan sortu da Eusfera, 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoak aktibatzeko eta, haiekin elkarlanean, haurren inguruan euskarak presentzia gehiago izatea bilatzeko.

Izan ere, hezkuntza eragileekin eta euskaltzaleekin izandako harremanetan kezka partekatu bat identifikatu dute: gero eta gehiago nabaritzen da erderek haurren unibertsoetan duten presentzia eta eragina handitzen ari dela, bereziki eskolatik kanpoko eremuetan, hala nola, aisialdian, telebistan edo pantailen erabileran. Kezka horri erantzunez, Eusferak euskara erabiltzeko baliabideak eta urratsak emateko bideak proposatuko dizkie familiei.

Parte-hartzeko bi bide

Alde batetik, etxean etxekoekin egiteko misioak edo proposamenak egongo dira. Familia bakoitzak bere ezaugarrietara egokitutako erronkak jasoko ditu Eusferaren webguneko galdetegi labur bat beteta. 

Beste alde batetik,  Euspazioak egongo dira: herriz herri antolatuko diren eta euskaraz hitz egiteko aproposak diren familientzako elkarguneak. Aisialdiari lotutako proposamen  dibertigarriak eta gozagarriak izango dira, herri bakoitzak bere errealitatera moldatuta antolatuko dituenak. Dagoeneko Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko, Nafarroako eta Nafarroa Behereko 100 udalerri, auzo eta kuadrilla inguruk bat egin dute.