Ehunka lagun elkarrizketatu dituzu urte hauetan, baina oraingoan zeu zara elkarrizketatua. Kostatu zaizu baiezkoa ematea.
Urte askoan izan naiz grabagailuaren atzean, orrialdeen anonimatuak babestuta, eta ez da erraza bat-batean ikusgai egotea. Baina, tira, lankideak zarete, eta ezin nizuen ezetz esan… Hori zuek ere bazenekiten proposamena egin zenidatenean (kar-kar).
“Kolaboratzaileak ondoan izan ditut hasieratik herriak eta auzoak erakusten, elkarteak eta herritarrak aurkezten”
Artxiboan begiratu behar izan dugu: aldizkariaren zortzigarren alean hasi zinen Aikorren lanean, 2002ko irailean.
Hara! Hogeita hiru urtez izan naiz Aikorren lanean… Oso gaztea nintzen Txorierrira ailegatu nintzenean, eta aldizkaria ere jaio berria zen. Hortaz, esan genezake “helduarorako bidea” eskutik helduta egin dugula. Oso une politaz betetako bidea izan da, eta lagun, lankide eta irakasle zoragarriak eramango ditut nirekin. Eta bailarako herri guztietan beti laguntzeko prest izandako hainbat eta hainbat lagun eta kolaboratzaile. Hala ere, harriz betetako bidea ere izan da, eta une latzak bizi izan ditugu. Euskara elkarteetako kide batzuen ahaleginari eta burugogorkeriari esker jarraitzen du Aikorrek bizirik, eta oso-oso eskertzekoak dira aldiz- kariari zein euskarari eskaini dizkieten ilusioa eta lanorduak.
Beste eginkizun batzuetan zabiltza orain.
Kazetaritza albo batera utzi dut momentuz, baina euskararekin harreman estu-estua izaten jarraitzen dut.
Egunero Ezkerraldetik Txorierrira lanera… Ez zenuen bailara ia ezagutzen.
Ez zen erraza izan; ez dut gezurrik esango. Alde batetik, ez nuen Txorierri ezagutzen; eta bestetik, konturatu nintzen atera berria nuen EGA titulua gutxirako nuela baliagarria… Baina aurreko lerroetan aipatutako lagunak eta kolaboratzaileak ondoan izan ditut hasiera-hasieratik. Zertan? Bada, herriak, auzoak eta bideak erakusten, elkarteak eta herritarrak aurkezten, egiteko moduak ezagutarazten, aholkuak ematen, albisteak jakinarazten, ohituren berri ematen, nire alde agertzen… Azken batean, aurrera egiten laguntzen. Egia da azken urteetan aldizkaria nahiko autonomoa izan dela, baina, orrialdeetako sinaduretatik haratago, Aikorrek urteetan jaso du laguntza eskuzabal ikaragarria.
Gaur egun jende gutxik ezagutuko ditu zuk baino txorierritar gehiago.
Txikia izan arren, bailara bizi-bizia da Txorierri. Eguneroko gaiez eta gertakariez gainera, txorierritarrek kezka handia duzue kulturarekiko, artearekiko, kirolarekiko, elkartegintzarekiko…; eta ondorioz, herritar asko eta asko izan dira/zarete modu batean edo bestean Aikorren protagonistak. Bestalde, ekipo berria dugu aldizkarian, gaztea eta Aikorri ikuspuntu freskoa ekarri diona. Lan txukuna egiten zabiltzate eta espero dut urte askoan txorierritarrak protagonista bihurtzen jarraitzea. Eta bideko harriak gero eta txikiagoak izatea, jakina!
Zertan aldatu da Txorierri urte luze hauetan?
Begi bistakoa denez, eta herri guztietan tamaina berekoa izan ez arren, aldaketa batez ere fisikoa izan da: etxebizitza berriak egin dira, garraio-azpiegiturak, aisialdiari lotutakoak ere bai… Izan ere, biztanle kopurua ia %30 handitu da azken bi hamarkadetan, eta gaur egun 22.200 biztanle inguru daude bailaran. Horrek kultura aniztasuna ere ekarri du. Era berean, industriguneetako eta Teknologia Parkeko jarduera nabarmen handitu da.
“Euskara elkarteetako kide batzuen ahaleginari eta burugogorkeriari esker jarraitzen du Aikorrek bizirik”
Euskaldunagoa da gaur egun?
Bada, egia esateko, ez dakit zer erantzun. Zer da euskaldunagoa izatea? Ezagutza-maila gero eta handiagoa dela kontuan hartuta, euskaldunagoa izan beharko luke, baina kaleko errealitatea bestelakoa da. Eustaten datuen arabera, txorierritarren ia %54 euskalduna da, baina Soziolinguistika Klusterrak 2022ko Hizkuntzen Erabileraren Kale-neurketaren txostenean jaso moduan, Txorierrin behatutako solasaldien %10,7 baino ez ziren euskaraz izan… Dena dela, nahiz eta datu ona izan ez, aurrera jarraitu behar da. Horri lotuta, gustatuko litzaidake goraipatzea Txorierriko euskara elkarteak eta euskaltzaleak aspalditik euskararen eta euskal kulturaren alde egiten dabiltzan lana, herritar guztientzako ekintzak antolatuz, egitasmoak martxan jarriz, ekimenak sustatuz… Beti ez dutelako merezi duten esker ona eta begirunea jaso.
Gustura idatzi duzun albiste bat?
Asko, baina batez ere aldizkarirako idatzi nuen azken erreportajea dut gogoan. Bertan gure herritar batek bizitzaren gogortasunari egunero aurre zelan egiten dion jaso nuen, eta elkarrizketa egiten nenbilela zein testua idatzi nenbilela pentsatu nuen historia horiek kontatzeagatik merezi duela kazetaria izatea. Egia da aldizkariari esker euskal kulturako per- tsona esanguratsuak –baita Espainiar Estatukoak ere– elkarrizketatzeko aukera izan dudala, baina beti nahiago izan dut herritarrekin solasaldian ibili.
Eta idaztea asko kostatu zaizun bat?
Egoera zein den, erosoago edo sentiberagoa izan ahal zara albistea idaztean, jakina.
Geratu da zerbait idatzi gabe?
Bai, gauza asko. Idatzi eta esan gabe.
“Hauxe da despedidea” esan omen zuen Mauriziak.
“Ez adiorik” nahiago dut neuk.