EMAUS

Gorroto diskurtsoen aurrean, hezkuntza eta komunitatea saretzen

Jone Goitisolo Uriarte · Komunitatearen eraldaketarako teknikaria 2026ko maiatzaren 26a

Emaus Gizarte Fundazioak, beste urte batez, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako Gizarte Hezkuntza graduko ikasgelan sartzeko aukera izan du, Monike Gezuragak bere ikasgaiari atxikituriko ikaskuntza-zerbitzua metodologiaren eskutik.

Bigarren mailan dauden etorkizuneko gizarte hezitzaile hauek gorroto diskurtsoen inguruan aritu dira lanean Monikeren ikasgaian. Haietako bostek beregain hartu dute Derioko Gurea Aretoan hileroko azken ostiraletan ospatzen den Sareak Zabaltzen zinema komunitarioan parte hartzeko erronka. Hala, hiruhilekoan zehar ikasgelan landutako edukiak pantaila handira ekartzen saiatuko dira maiatzeko saioan, partaideekin batera eztabaidarako espazio bat sortuz.

Zentzu honetan, azpimarratzekoa da gorroto diskurtsoak ez direla fenomeno isolatuak eta, beraz, ezinbestekoa dela ikuspegi integrala garatzea, non hezkuntza‑erakundeek, unibertsitateek, gizarte‑eragileek eta herritarrek elkarrekin lan egiten duten.

Egunerokotasunean gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonen ondoan egoteak, argi erakusten digu unibertsitatean mintzagai izan dituzten diskurtso hauek duten boterea ez dela inoiz neutroa izan eta gaur egun inoiz baino eragin handiagoa dutela pertsonen bizitzetan.

Izan ere, sare sozialen hedapen azkarrak, informazio-iturri ugarien arteko lehia etengabeak eta polarizazio politiko-sozialaren gorakadak testuinguru konplexu bat sortu dute gure gaur egungo gizartean, diskurtso sinplifikatuen bitartez gizarte-kohesioa arriskuan jarriz eta aurreiritzi eta estereotipoak bolo-bolo errotuz.

Gorroto diskurtsoak ez dira soilik jatorriagatik, identitateagatik edo sinesmenengatik pertsona, kolektibo edo komunitate bati buruz esan edota burutu daitezkeen irain eta erasoak. Gizartearen termometro bat dira, erakusleiho bat, non aditzera ematen den komunitate batek zenbateraino onartzen duen desberdina dena eta zer modutan kudeatzen duen arrotz gisa hautematen duen horrek sorrarazten dion beldurra.

Azken boladan bizi dugun egoera honen aurrean, pentsamendu kritikoa garatzea premiazkoa bilakatzen da, hauxe izanik gorroto diskurtsoekiko prebentziorik eraginkorrena. Zentzu horretan, eskola, unibertsitate eta bestelako akademiak funtsezko espazio bilakatu dira. Eta ez bakarrik testuinguru ezberdinetako gazteak biltzen dituelako, baizik eta bestea ulertzeko gaitasuna modu sistematikoan landu daitekeelako.

Hezkuntzak, edukiak transmititzetik haratago, informazioa interpretatzen, estereotipoak zalantzan jartzen eta giza duintasuna bere adierazpen guztietan aitortzen irakatsi behar du. Izan ere, norbanakoak joera ezkutuak antzematen edo emozio manipulatuak identifikatzen ikasten duenean, bazterketa-diskurtsoekiko ahulagoa izateari uzten dio, arrazakeria, LGTBIQ+fobia, xenofobia edo matxismoa bezalako marrazoak elikatzeari uko eginez. Akademiak esperientziak eskaini behar ditu, non ideia ezberdinak entzun, eztabaidatu eta kontrastatu, elkarbizitza egoera natural bat baizik, eraikuntza kolektibo bat dela ulertaraziz.

Giro soziala gero eta bortitzagoa den une honetan, hezkuntza behar dugun kontrapisu izan daiteke eta komunitatea babesgune bat. Pentsamendu kritikoan hezteak ez ditu soilik gorrotoaren biktima izan daitezkeenak babesten, gizarte osoa sendotu baizik.