Gure aldea-etxeen inguruko ortuetan erraz ikusiko dozuz tomateak, letxugak eta enparauak. Ortuari baratzea esaten be ikasi dogu txorierritarrok, baina ortu berbearen sailekoak ahaztu barik (ortuariak, ortuzaina, ortu santua ‘hilerria’...).
Soloak be ez dira falta gurean, arto-soloak esaterako. Hazia erein eta lantzen dan lursailari esaten deutsagu soloa, eta soroa euskera batuan.
Bedarra daukan parajeari, barriz, landea esaten deutsagu gehienetan. Bedarleku berbea be entzun geinke Txorierrin. Gipuzkoan, ostera, zelai eta belardi berbak darabilez. Geuk be badarabilgu zelai berbea, baina leku laua izentetako batez be.
Urtero bedarra mozten dan lekuari, landa berba ezeze, sololantzarra eta bedarsoloa be esaten jako. Horrez ganera, Derion eta Zamudion “fradue” be esaten deutsie.
Landu bako belardiari, bedarra berez datorren lekuari, lantzarra esaten jako. Eta lursail bat landu barik itxi ezkero, aurrerago-edo lantzeko asmoagaz, lur arpela ‘lur alperra’ (Sondika), lur geldia (Larrabetzu) edo lantzar itxi (Zamudio) berbak entzungo doguz. Erderaz horri ‘barbecho’ esaten jako.
Amaitzeko, azken kontzeptu bat: lehen basoa izandako lurrari solo barria (Lezama), lur barria edo lubarria (luberri, batuaz) esaten deutsagu.
Hiriguneari landa-eremua kontrajartzen jako, baserri inguruko gunea hain zuzen be. Baina garbi dago asfaltotik urteten badogu ondo zehaztu beharko dogula zertaz gabilzan.