Sinpleago, baina mamia galdu gabe

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 29a

Eskumaldeko botoia sakatu behar da

Testuak euskara errazagoan irakurtzeko sistema gehitu dute Tokikomeko hainbat hedabidek beren webguneetan, tartean Aikorrek. Helburu nagusia testuak sinplifikatzea da, baina, beti ere, informazioa galdu gabe. Dagoeneko albisteak itzultzeko eta entzuteko aukera dago.

AA Adimen Artifizial bidezko aukera berria eskaintzen hasi da Tokikom: testu sinplifikatuak. Euskara ikasten ari direnei edo irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei begira garatu den sistema hau, beraz, dagoeneko Tokikomen barruan dauden hedabideetako webguneetan martxan dauden beste aukerei gehitu zaie, tartean Aikorri.

Hortaz, hemendik aurrera, testuak ozen irakurtzeko eta testuaren titularra eta sarrera hainbat hizkuntzara itzultzeko gaitasuna izateaz gain, irakurleek aukera izango dute euskara sinplifikatuan eduki horiek irakurtzeko, botoi bat sakatze soilarekin.

Irakurleak sinplifikatzeko botoia sakatuz gero, sistemak "kalitate maila altua duten testuak eskaintzen ditu, baina alboan beti joango da abisu bat, esanez akatsak izan ditzakeen sinplifikazio automatikoa dela", laburbildu du Vicomtech enpresako ikertzaile Thierry Etchegoyhenek. 

Tokikomek nabarmendu duenez, itzulpenetan bezala, ekimen honetan ere garrantzitsua da erabiltzaileen iritzia jasotzea, eta horretarako galdetegi bat jarri dute martxan, sinplifikazioan bertan zein labur.eus/erraztu loturaren bidez.

Hedabide bakoitzak AAren inguruko erabilerari buruzko gogoeta burutu ahala sistema hedatzen joango da. Nabarmendu dutenez, helburua ez da kazetariek sortutako testua ordezkatzea, hizkuntzarekin edo irakurmenarekin arazoak dituztenei laguntzea baino. "Argi daukagu gure benetako balioa kazetariek bertatik bertara sortutako edukian dagoela", azpimarratu dute.