Arabako mesetara igo, Izarra atzean utzi eta Kuartango bailarara sartu gara. Anda herriko aparkalekuan utzi dugu autoa. Kuartangoko Estazio Megalitikoko panela bertan dago, baina azkenerako utziko dugu berau. Beraz, beste aldera eginez, errepidea gurutzatu eta harrizko eskailerak igo ditugu eliza ikusteko, bolatoki ederra baina itxiaren ondotik pasatu eta basorantz doan pista polita hartu dugu. Landa eder batzuk gurutzatu ditugu behorrak eta beraien kumeen artean. Zuhaitz artean, eskuinetara doan pistatik egin dugu aurrera, leku polita da paseorako. Kilometro bi ez dira pasatu Katadiano herrixkaren elizaren dorrea agertu denean. Merezi du bertaratzea. Jentilen iturri bitxia plazatxoan, elizaren aurrean bi kanpai itzel eta atzean leiho erromaniko ikusgarria, aurpegi bereziekin.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.
Utzi dugun bidexka jarraituz, beste pista zabal batera heldu gara, eta laster erreka oso berezi bat izan dugu aurrez-aurre. Lurzoruko harri geruza horizontalak eskailera eran daude eta ura saltoka jaisten da. Polita da erreka. Landa eder batzuk gurutzatu ditugu jateko mahaien artean eta hortxe dago, Eskolunbe Santutegia da, zuhaitzen artean erdi ezkutatua. Itxita dagoenez, ezin izan dugu erretaula ezaguna ikusi. Eraikinaren atzeko aldetik jarraitu eta eskuinera egin dugu erreka gurutzatuz. Ur nahikotxo dakarrenez, harri gainetatik kontuz ibili behar izan gara, baina lortu dugu.
Basotik doan estrata zabaletik jarraitu dugu eta une batean eskuinetara eta behera egin eta berriro Katadianorantz egin dugu. Behi granja handi bat pasatuta, herriko garbitokia izandakoaren aztarnak daude. Errepide nagusira heldu eta guru- tzatu ostean, Baia erreka harrizko zubitik zeharkatu dugu. Aurrerago, trenbidea gurutzatu, eta gero, Kuartangoko Estazio Megalitikoa dago. Lau gune ditu, ezkerretara eginez, Gurpide Hegoa trikuharrira heldu gara, jarraian, Gurpide Iparra menhirra eta trikuharrira. Beste aldetik San Sebastian Hegoa eta San Sebastian Iparra trikuharriak. Dena ondo markatuta, ondo zainduta eta ondo azalduta panelen bidez. Bertan ikasi dugu hilobiak zirela, nola uste den egiten zirela, trikuharri handiena egiteko 3.000 tona harri eta lur erabili zituztela, zer aurkitu duten bertan…
Andara heltzea besterik ez zaigu falta, baina badago zer ikusi bidean. Erreka gurutzatzeko Erdi Aroko zubi ederra, esate baterako. Erreka ingurura jaitsi garenean, zubia behetik ikusteko asmoz, zaharberritutako garbitokiarekin egin dugu topo. Ibilbide ederra eta historikoa amaituta aipatu behar Eskolunbe izena dutenak gutxi direla, baina egon badaudela.