Negu Gorriak taldeak Jon Maiak idatzitako hitzekin sortutako Gora Herria abestian txertatu zuen esaldia: Kantatzen duen herria ez inoiz hilko. Gaur egun, gainera, gero eta gehiago abesten da. Horretarako, gero eta erreminta gehiago daude. “Ordenagailu batekin orkestra sinfoniko bat eta guzti osatu dezakezu”. Hortik hasi da eztabaida mahaiaren inguruan. “Musika demokratizatu egin da, gaur egun edozeinek sortu dezake”.
“Tristea bezain egia eta erreala”, esan du batek. Ortuzarrek uste du “momentu apurtzaile” baten dagoela euskal musika. Ondo baino hobeto kontrolatzen du eszena, Garratza Booking elkartearen bidez kontzertuak antolatzen ditu Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxean. “Gaur egun sintetizadoreak edota autotuneak ikaragarrizko indarra hartu du, bestelako musika bat egiten ari da, lehengo abestiak bertsionatzen dira eta guzti”. Revival kontzeptua ekarri du gogora Oruetxebarriak, Pantxoa eta Peioren itzulera gogora ekarriz.
“Arraroa da herrietako jaietako gaueko eskaintzan azkena DJ bat ez izatea”
Garciak ere uste du tekno musikak, adibidez, indarra hartzen ari dela, baina, hala ere, “beti lehen ilaran” dauden taldeek hartzen dutela eszena. Segurtasuna. Bilbaok mahai gainean jarri duen beste aldagaia. “Gaur egun gutxiago arriskatzen da taldeekin, berdin dio tokiak, areto handiak edo txikiak, ez dago talde hasiberrientzako edo bestelakoentzako tokirik. Azkenean errentagarritasuna bilatzen da, eta horrela zaila da euskal eszenaren irudikapen oso bat egitea”. Ortuzar zuzenean sentitu da erantzule: “Horrela da, Hori Bain jotzeko eskari handia daukagu, baina oihartzuna duten taldeak ekartzen ditugu kontuak aurrera atera ahal izateko. Jendea erakartzera goaz gehiago, eszena aberastera baino”. Kuriositate falta aipatu du Oruetxebarriak, “ez daukagu gauza berriak ezagutzeko jakinmin edo nahi hori, gauza seguruetara jotzen dugu, bestelako alternatiba berriak ukatuz”.
Gazteak. Horiek dira Aretxabaletarentzat gakoa. “Bai uste dut gazte mugimendua egon badagoela, Larrabetzun eta Zamudion batez ere, ez bakarrik taldeak sortu nahia, euskal kultura eta ondarea mantentzeko desira”. Horretarako, ordea, instituzio publikoen laguntza behar dela nabarmendu dute denek ala denek. “Bestela ezinezkoa da”.
Orduan zabaldu da gai potolonoetako bat: zuzenekoak. Bilbaok hasierarekin lotu nahi izan du: “Adibidez, Gazte Eguna bezalakoetan, lehen, bazkal aurretik edo ostean beti egoten zen trikipoteoa edo horrelakoak, zuzeneko musikarekin. Gaur egun, aldiz, karropoteo gehiago daude, non bafle bat jartzen den eta bertatik musika ipini”. Herriko jaietan ere antzeko zerbait gertatzen dela nabarmendu dute. Orain dela ez asko, kontzertuen egitarauko lehen edo azken taldea herrikoa edo ingurukoa zen. Hau da, aukera ematen zitzaien gazteenei oholtzara igo ahal izateko, inguru ezagun baten jotzeak ematen dizun konfiantzarekin. Hori ere gero eta gutxiago ikusten da. “Arraroa da herrietako jaietako gaueko eskaintzan, azkena DJ bat ez izatea”. Ados daude guztiak. “Ez da txarto egotea edo ez, baina buelta bat eman beharko zitzaion”.
“Bruce Sprinsgteenekin bakarrik ez, euskal musikariekin ere San Mames bete daiteke”
Erreferenteak
Azkenean, entzulegoari heltzeko modurik onena zuzenekoak dira. Harreman zuzenena. “Oihartzuna duten taldeak ekarri behar dira arrakasta izan ahal izateko”. Badira kontzertuetako izenak begiratzen dituztenak jai batzuetara edo bestera joateko aukeratzen denean. Hori beti pasa dela uste dute beteranoenek. Lehen Akelarre eta Hegan ziren, orain ETS eta Bulego.
Garciak bestelako eszenatokiak bota- tzen ditu faltan zuzenekoak eman ahal izateko. Biolin-jotzaile batek dio, eta hori Galbahe taldearen bidez biolina ere demokratizatzen eta bestelako oholtzak hartzen ari dela azkenaldian. Hurbileko kasu batetik jota, Loiuko asteburu kulturalak ekarri ditu gogora. Bertan, loiuztarrek edozein motatako sorkuntza egiten dutena beraien lana ikustarazteko aukera ematen du Loiuko Bakarrak gazte taldeak. “Egun eta data zehatz batzuetara mugatzen dugu eskaintza, jaietara batez ere. Baina gero ez dago urte osoan zehar musika edo kultura plazaratu ahal izateko eskaintza bat”.
Bat etorri dira guztiak esaterakoan Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxea dela Txorierriko tokirik aproposena eta bakarrenetarikoa horrelakoak eskaini ahal izateko. “Zamudion ez dakit zenbat denbora daramagun horrelako espazio bat eskatzen eta aldarrikatzen. Bertokok, esate baterako, ez dauka emanaldi on bat eskaintzeko espaziorik, entseguak egiteko lokaletara mugatzen da askotan udalen eskaintza”, dio Aretxabaletak. Horrelako plazak botatzen ditu faltan urteko programazioa osatu ahal izateko.
Irlanda edota Eskoziako tabernetako kontzertuak ekarri dituzte gogora ostera ere beteranoek. “Horrelakoetan ez da behar ez mikrofono, ez teknikari, ez argirik, espazio hutsarekin nahikoa da”. Ortuzarren soinu teknikari arloa atera da oraingoan: “Entzumen minimo bat behar da, ez du edozein espaziok balio. Ez da zertan espazio handirik behar”.
“Galdu egin da gitarra bat atera edo kantuan hastea taberna baten”. “Zarata bezala hartzen dute batzuek trago bat hartzen duten bitartean, ez dute zuzeneko musika hori baloratzen”. “Alde egiten dute eta guzti batzuek”.
Aretxabaletak Bilboko Udalak kaleko artistei jarritako mugak gogoratu ditu. “Txarrena balira bezala irudikatu nahi izan dituzte”. Artista asko eta asko kalean jotzen hasi direnean. “Kalean jotzeak ematen dizun naturaltasun eta zuzeneko harreman hori galtzen ari da horrelako jokabideekin”. Hemen ere demokratizazioa ematen ari da: dena antolatuta egon behar da, baimenak eskatuta udaletxean. “Bilbon duela urte batzuk, Taberna Ibiltariaren emanaldi baten udaltzaingoak etorri ziren baimenak eskatzen”.
Txikitasunetik handitasunera
Hain zuzen ere, gaur egun gero eta gehiago joaten da makro emanaldietara. San Mames, Bilbo Arena edo BEC bete- tzera. Aldebikotasuna gailentzen da kasu honetan. “Ondo ikusten dut. Horrela erakutsi dezakegu Bruce Sprinsgteenekin bakarrik ez, euskal musikariekin ere horrelako eszenatoki erraldoiak bete daitezkeela”, dio batek. “Gainera, horrela euskarara eta euskal kulturara bestelako herritarrak erakarri daitezke, erdarazko esparruan gehiago bizi direnak”, aipatu du besteak. “Baina gero Bartzelonara edo Madrilera doaz kontzertu berdinak ematera, eta hemengo jende gehiago doa bertakoa baino”, diote kontrako argudioarekin. “Gainera, orain diru publikoa sartu dute eta guzti emankizunetan, hausnarketa egin beharra dago. Diru laguntzak beharrizan erreala duten taldeetara bideratu beharko ziren, euskara sustatzeko bestelako metodoak daude, dena otzara bakarrean sartu barik”. planteatu du besteak. “Gauza batek ez du bestea kentzen. Baina ezin daiteke bakarrik handitasun eredu hori indartu, txikitasunetik hasitakoak ere zaindu behar dira, haiek dira katea ekimen handiagoak antolatu ahal izateko”.
“Musika enpresetatik atera beharra dago, dirua bakarrik nahi dutenak daude, eta autogestioarekin aurre egin”
Sarreren kudeaketak ere zeresana eman du. FOMO (fear of missing out) sindromea nagusitzen ari da, hau da, zerbait galtzeko beldurra. Horrela agortzen dira minutu gutxitan bi urte barrurako kontzertu baterako sarrerak. “Covid pandemiak eragina izan duela esango nuke, ordutik eromen hutsa da. Batek daki bi urte barru non eta nola egongo naizen”, dio Ortuzarrek. Garcia are eta urrunago joan da: kontzertuak plan baten bilakatu dira. “Modan dago kontzertuetara joatea, eta zelan ez zara joango mundu guztia badoan. Sustatzen da gehiago musika produktuaren kontsumismoa, talde berriak ezagutzeko edota gozatzeko modu bat baino”. Postureoa dela dio Oruetxebarriak. Argazkiak eta bideoak atera eta sare sozialetara igotzea bertan egon zarela erakutsi ahal izateko.
Eta noski sarrera guztiak agortu beharra dago, bestela ez dago arrakastarik. Sold out fenomenoa da nagusi. “Negozio hutsa” dela uste du Aretxabaletak, ez musika. “Aurreikusitako epeak errespetatzen dira beti, ez dago inprobisaziorako tarterik”. Taberna Ibiltariko kideek, adibidez, ez dute arazo hori kalean eta tabernetan aritzerakoan. “Batzuetan hobe da jende gutxiago egotea eta guzti, parte hartzen badaude batez ere”. “Geuk ondo pasatzerakoan, ondo pasatzen dute entzuleek, eta horretarako, inguru egokia behar da”. “Ondo pasatzeko jotzen dugu, eta besteek ondo pasarazteko, gutxienez ahalegina eta gure onena ematea zor diegu”. Garciaren kasua bestelakoa da, ordea. Zuzenean erantzun hori jasotzea zailagoa da berarentzat normalean jotzen duen musika motagatik. “Nik gehiago jasotzen dut kontzertu baten ostean unean bertan baino, denborarekin apreziatzen da gehiago biolina. Musika klasikotik atera eta bestelako doinuetan erabiltzea baloratzen du jendeak”.
Eta norantza doa euskal musika etorkizunean?. Galdera ona. “Egon egongo da, zelangoa ez dakit”. Taberna Ibiltaria bezalako taldeak, sentsazioa kontrakoa ematen baduen ere, goranzkoan daudela uste dute. Herri askotan daude horrelakoak. “Gure arrakasta da jende gaztea eta ez gain gaztea erakatzen dugula”. “Horrelako taldeak oso beharrezkoak dira, eta pertsonalki, talderik onenak dira, betiko abestiak kantatzen dituzte, badakizkizunak, eta giro bikaina sortzen dute”, aitortu du Ortuzarrek. “Oraindik badago jende eta giro bat hori babesten, eskertzen eta miresten duena”. “Zureago sentitzen duzu musika hori, musikatik beratik baino girotik izan dezake gehiago”.
Txikitasunera gehiago begiratu beharra dagoela uste dute. Bat datoz esaterakoan bailaran Larrabetzuko Hori Bai bezalako espazioak izatea “zorte ikaragarria” dela. Oro har, Gaztetxeek musika eta kultur eszenari ematen dion aukera nabarmendu dute. “Musika enpresetatik atera beharra dago, dirua bakarrik nahi dutenak daude, eta autogestioa horreri aurre egiteko modu ezinhobea da”. Instituzioetatik horren aldeko apustua egin beharra dago: “Musika eta kultura mota ezberdin askotako jendea elkartzen du, oso beharrezkoa da gurean”. Hain zuzen ere, kantatzen duen herria ez delako inoiz hilko.





