Horregatik, Ernaiko kideok misio nagusi bat aitortu diegu geure buruei: gazteria askapen prozesura batu eta gazte independentistak sortzea. Izan ere, Euskal Herrian posible da aldaketa sozial eta politikoa gauzatzea, eta gure egitekoa da aldaketa hori gazte eremutik hauspotu eta gazteria horren baitan agente aktibo bilakatzea. Uste baitugu, ezelako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri askea eraikitzeko, nahitaez independentzia behar dugula.
Era berean, bi konpromisotan berretsi gara. Batetik, Euskal Herria askatasunera eramateko konpromisoan; beraz, askapen prozesuak eskatzen duen adinako bultzada emateko konpromisoa hartzen dugu. Bestetik, Euskal Herriko gazteriarekiko hartzen dugun konpromisoan; gazteriaren nahi, behar eta kezkak politizatu eta agendaren erdigunean kokatzera goaz, ondorioz, gazte oro duintasunez bizitzeko lan egingo dugu aurrerantzean ere.
Hortaz, Ernai eraberritua, zentrala eta zabala dugu. Zentrala, nazio auzia erdigunean jarri eta gazteria balio horietan politizatzeko ardura dugulako. Berriz, zabala, Ernai ahalik eta gazte gehienentzako elkargunea eta borrokarako tresna nagusi izateko anbizioa baitugu. Izan ere, Ernaik garaiko arazoei erantzuteko erreminta eta albait gazte gehienen ahotsa ordezkatzen duen antolakundea izan nahi du.
Hau guztia, ortzi-muga argi batekin: Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna. Inoiz baino indar eta konbentzimendu handiagoz borrokatzera goaz, Euskal Herrian askapen prozesua muturreraino eramatea posible delako, eta guk ez diogulako aukera honi ihes egiten utziko.
Garaiak borroka eskatzen duen neurrian borrokatuko baitugu gazte independentistok. Txorierriko gazte, batu nazio askapen mugimendura, batu Ernaira!
Maialen Olabarrieta eta Etxahun Artetxe, Txorierriko Ernaiko kideak