Musikarekin daukagun lotura estu hori hertsiki loturik dago gure identitatearekin. Identitatea geure buruaren inguruan darabilgun ideia da: nor garen, zer gustatzen zaigun eta nola sentitzen garen. Ez da jaiotzetik ezarrita dugun zerbait, urteetan eraikitzen den zerbait baizik, bizitzan ditugun esperientzien eta harremanen ondorioz.
Bizipen guztiak garrantzitsuak dira nortasuna eraikitzeko; hala ere, etapa garrantzitsuenetako bat nerabezaroa da. Nerabezaroan gure lehentasuna definitzen hasten gara, gure ingurukoengandik bereizten eta “nor naiz ni?” galderari zehatzago erantzuten. Eta hain zuzen ere, aldi horretan, musikak berebiziko indarra hartzen du. Horregatik, nerabezaroan entzuten genuen musika gure bizitzako garrantzitsuena bihurtzen da askotan (Luque et al., 2025)2.
Horren arrazoia ikuspuntu biologikotik azaldu daiteke: nerabezaroan, burmuina oso plastikoa da, hau da, etengabe aldatzen ari da, gure gorputzean gertatzen diren beste aldaketa batzuekin batera. Aldi berean, emozioak intentsitate handiagoz sentitzen ditugu eta talde sozialek garrantzi handia dute (The Teen Brain: 7 Things to Know, n.d.)3. Testuinguru horretan, musikak bi eginkizun nagusi ditu: emozioak adieraztea eta talde bateko kide zarela sentiaraztea.
Horregatik lotzen dira, askotan, musika-mole batzuk identitate edo “tribu” jakin batzuekin. Janzkera bereizgarri bat erabiltzea eta artista jakin batzuk entzutea eta euren kontzertuetara joatea ez dira gustu hutsak. Musikaren bidez, sentitzen duguna adierazten dugu, eta batzuetan, hitzez azaldu ezin duguna azaldu dezake abesti batek (Trehub et al., 2015)4.
Sentimenduez gain, emozioak kudeatzeko tresna da musika. Momentu jakin batean nola sentitzen garen, halako musika entzuten dugu arruntean: musika lasaia antsietatea murriztu behar dugunean, energia handiko abestiak geure burua motibatu nahi dugunean edo kanta tristeak momentu zailetan babestuta sentitu nahi dugunean (Zaatar et al., 2023)5. Horregatik sortzen ditugu egoera bakoitzeko playlist direlakoak: ikasteko, entrenatzeko, triste gaudenean edo zerbait ospatu behar dugunean.
Esan dezagun, bada, hainbeste pertsona ondo sentiarazten eta batzen dituen tresna bat ezin daitekeela entretenimendu hutsa izan. Musikak komunitateak sortzeko eta kontzertu batean ehunka (edo milaka) pertsona abesti bera kanta- tzen jartzeko ahalmena du, eta ahalmen horixe da, hain zuzen, abesti asko inoiz guztiz ez ahazteko arrazoia. Abesti batzuk ez direlako melodia soilak, gure bizitzan moldatu gaituzten doinuak dira, oroitzapenez, emozioez eta bizipenez jantzita ditugunak.
Musika entzuten dugunean, neurri batean, gure buruari ere entzuten ari gara. Eta, agian, horregatik bihurtzen da musika identitatearen atal garrantzitsua: ez digulako soilik gure bizitzan eta egunerokoan laguntzen, ezpada, gure bizitza ere eraikitzen duelako.
____
1 Izenburua: Gatibu, Musikak salbatuko gaitu diskoa eta kanta (2020)
2 Luque, R. P., Suárez, M. L., & Del Carmen Olmos Gómez, M. (2025). Music, Identity, Culture and Adolescents: Bibliometric analysis during the research period (2016–2025). Adolescents, 5(4), 68. https://doi.org/10.3390/adolescents5040068
3 The Teen Brain: 7 Things to Know. (n.d.). National Institute of Mental Health (NIMH). https://www.nimh.nih.gov/health/publications/the-teen-brain-7-things-to-know
4 Trehub, S. E., Becker, J., & Morley, I. (2015). Cross-cultural perspectives on music and musicality. Philosophical Transactions of the Royal Society B Biological Sciences, 370(1664), 20140096. https://doi.org/10.1098/rstb.2014.0096
5 Zaatar, M. T., Alhakim, K., Enayeh, M., & Tamer, R. (2023). The transformative power of music: Insights into neuroplasticity, health, and disease. Brain Behavior & Immunity - Health, 35, 100716. https://doi.org/10.1016/j.bbih.2023.100716