Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familiek, aurrerantzean, seme-alabek 4 urte bete arte jaso ahalko dute Eusko Jaurlaritzak emandako hileroko laguntza. Neurriaren helburua da familia guztiei “gutxieneko baliabideak bermatzea eta haurren pobrezia saihestea”.
Orain arte, haurrek 3 urte bete arte jaso zezaketen laguntza hori seme-alabak zituzten familiek: 200 euro hilean, haur bakoitzeko. Adinaren epemuga luzatzea ez da onartutako aldaketa bakarra: 4 eta 7 urte arteko seme-alabak dituzten guraso bakarreko familiek eta familia ugariek ere diru laguntza jasotzeko aukera izango dute; 100 euro hilean. Gainera, harrera eta tutoretza familiek ere jaso ahal izango dituzte diru laguntzak.
Neurriak aurtengo urtarrilaren 1era arteko atzerako eragina izango du, eta ekain amaieratik aurrera eskatu ahalko da. Diru laguntza eskatzeko baldintzak dira, besteak beste, Bizkai, Araba edota Gipuzkoan bizi eta erroldatuta egotea haurraren bizileku berean, gutxienez urtebetez, eta adingabearen bizikidetza eta zaintza bermatuta egotea.