Lehenengo pankartak euskararen ofizialtasun osoa eskatzen du, Patxi Huarte ‘Zaldieroa’ komikigileak egindakoa da. Bigarren pankartak hizkuntza politiketan jauzia emateko premia aldarrikatzen du, Asisko Urmeneta irudigileak egina da. Hirugarren pankartak euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko beharra azpimarratzen du, eta Malen Amenabar ilustratzaile larrabetzuarrarena lana da.
Bestalde, Kontseiluak ezagutzera eman ditu 17:00etan Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun Enparantzatik abiatuko diren zutabe bakoitzaren hasieran pregoiak irakurri eta txupinazoak botako dituzten hiru kolektiboak, gizarte eragiletzatik egiten duten lana aitortu, babestu eta bultatzeko asmoz: Azterketak Euskaraz, Batuz Aldatu eta euskarazko eduki sortzaileek.
Argibideak
17:00etan, Euskaltzaleon Martxaren zutabeak osatuko dira. Zutabeen osaera ahal bezain orekatua izan dadin, Kontseiluak hiru irizpide zehaztu ditu: dagoeneko Iruñean dauden herritarrak Runako Parkean bilduko dira, autoz iristen direnak Antoniuttin, eta herrietatik autobus bidez iristen direnak Askatasun Enparantzan. Pregoi eta txupinazoen ondotik, zutabeak pankarten eta txarangen atzetik abiatuko dira aldarrikapen eta jai giroan, Gazteluko Plazan bat egiteko.
Bertan egingo da ekitaldi nagusia. Eta Euskaltzaleen Martxaren amaiera gisa, plazan bildutako guztiek dantza egitea da proposamena: Euskal Herri osoko milaka lekutan egiten den bezala, kalejiran, borobilean, elkarrekin bagarela esanez. Arratsaldeko mobilizazioaz gain, goizean zehar hainbat ekitaldi izango dira Iruñean zehar. Goizeko 11:00etan hasita, umeentzako gune bat izango da Santa Ana Plazan, Porrotx eta Zapotxin pailazoen emanaldiarekin, jarraian Dindaiakale jolasekin osatuta. 12:00etatik aurrera, Alde Zaharra zeharkatuko duen Kantujira egingo da, bai eta Bermut-pintxada LABAn. 13:30ean, bi egunez Urepeletik Iruñerako bidea oinez egingo duen Gazte Euskaltzaleon Martxako kideei harrera egingo zaie Karmen kalean. Eguna amaitzeko, Gazteluko Plazako ekitaldi nagusiaren ostean kalejira handi bat abiatuko da Iruñeko alde zaharrean barna.