Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba mugagabea hasiko dute irailean

Mikel Reina Barros 2026ko ekainaren 24a

Espainiako Osasun Ministerioari egotzi diote ez duela urratsik egin gatazka konpontzeko. ELAk azpimarratu du greba mugagabea  “beharrezkoa” dela, eta jakinarazi dute ekainaren 25ean antolatuko dituztela lehen elkarretaratzeak Osakidetzako zentro guztietan. 

Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba mugagabea egingo dute irailetik aurrera. Espainiako medikuen greba batzordeak eman du grebaren berri, Madrilen, Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioaren aurrean egin duten kontzentrazioan, aurtengo bosgarren greba astearen lehen egunean. 

Medikuen greba batzordeak mobilizazioak “gogortzea” erabaki du, haien esanetan Espainiako Osasun Ministerioko arduradunek ez dietelako proposamenik egin, gatazkan aurrerapausorik ez dutelako eman eta ministerioa “tematuta” dagoelako esparru estutua tramitatzen. Irailean jakinaraziko dute nola egingo duten greba mugagabea eta zer neurri gehiago onartuko dituzten medikuen mobilizazioei eusteko. 

Greba batzordearen arabera, hilabeteotan ministerioarekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest egon dira, talde parlamentarioekin biltzeko eskaerak egin dituzte eta haien eskaerek eragiten dieten ministerioetako ateak ere jo dituzte; baina kexu dira, haien “eskaera bakar bat ere” erantzun ez dutelako. Mobilizazioei eutsiko diete, eskaerei erantzun arte.

Herritarrei esan diete sentitzen dituztela grebak herritarrei sor diezazkieketen arazoak, baina greba justifikatu dute nabarmenduz grebaren azken helburua langileen lan baldintzak hobetzea dela, “ahalik eta arta onena eta segurtasun kliniko handiena bermatzeko”.