Intermodalitatean beste pauso bat emango da Bizkaian udazkenean: urriaren 1etik aurrera, Bilboko metroaren Txorierriko hirugarren lineatik lehen edo bigarrenera pasatzean ere, bigarrena ez da ordaindu beharko. “Adibidez, Lezamatik Gurutzetako ospitalera doan herritar batek Zazpikaleetako metro geltokian aldatuko du linea, eta bidaia bakarra ordainduko du. Modu horretan, garraio publikoa erabiltzeko gogoa kentzen zuen oztopo bat desagertuko da”, esan du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak. Bizkaian zerbitzua eskaintzen duten garraio publiko guztietan intermodalitatea doakoa izatea nahi dute pixkanaka. Horrela, bidaiariak garraiobide batetik bestera pasatu ahal izango dira gehiago ordaindu barik. Datorren urtea amaitzerako prozesua bukatuta edukitzea espero dute.
Datorren urtean egingo duten beste aldaketa bat zera izango da: tarifen zonakatze sistema sinpleago bihurtzea. Gaur egun bost eremutan zatituta dago, herriak Bilboren inguruan eraztunka antolatuta. Urtarrilaren 31tik aurrera, bosgarren eremuko herri guztiak laugarren eremura sartuko dira, eta hirugarrenekoak, bigarrenera. Hala, hiru eremu baino ez dira egongo. “Ibilbiderik luzeenak egiten dituztenek gutxiago ordainduko dute”.
Bizkaiko Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatu Sonia Perez Ezkerrak ogoratu du Bizkaibus berritzeko prozesua martxan dagoela. Maiatzaren 22an amaitu zen haren sailak ondutako aurreproiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta, orain, parte hartze prozesu bat abiatuko dute: Bizkaiko 113 udalerrietara inkesta bat bidaliko dute, jakiteko ea diputazioaren proposamenak tokian tokiko beharrak asetzen dituen.