Arabako Zuia eskualdeko Murgia herrian hasi dugu ibilaldia. Gasteizerantz egin eta herria amaitzen denean, eskuinera jo, erreka gurutzatu eta lehen geldialdia: antepara huts batek errota bat dagoela adierazten du, bertaratu eta leihotik errota-harriak ikusi daitezke. Bidearen beste aldean, karobi baten ahoa aurkitu dugu, ia osorik estalita. Honen ondotik menditik gora doan ondo zapaldutako bidezidorra hartu dugu. Baso eder batetik joan gara, pagoak eta haritzak dira nagusi, batzuk oso-oso zaharrak. Kilometro eta erdi ingurura, Jugatx edo Jugatxi dago, artikulu honen arrazoia den ermita ederra. Landaz, barbakoaz eta mahaiz inguraturik dago, eta nola ez, inguru hauetan ohikoa den bolatokia ere badauka. Itxita dagoenez, ezin izan gara sartu, baina Amabirjinaren irudi gotikoa hegoaldeko horman ikusi daiteke, eguzki-erloju baten ondoan. Beste aldetik datorren bidexka hartu dugu, baina laster utzi eta ezkerrera doan bidezidorretik egin dugu aurrera. Behin asfaltora helduta eskuinean Jugo herria dago. Ulergarriago egiten da ermitaren izena: Jugo + atx. Jugo herriaren haitza ei da. Kanpandorreko zikoinak egin digu ongi etorria.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.
Aukera ezberdinak ditugu orain: Murgiara errepidetik itzuli, basotik doan bidezidor markatua jarraitu edo ibilbidea luzatu. Hirugarren hau aukeratu dugu, errekarantz doan errepidetxoa, eta behin ibaia gurutzatuta ezkerretara egin dugu pista zabal batetik. Berriz errepidera helduta, laster sartu gara Domaikian. Eliza itxita dagoenez, ezin izan ditugu ikusi barruko leiho erromanikoak. Bidezidor batek hilerriraino eraman gaitu. Honen bazterretik, pista eroso batetik apurka apurka altura irabazten joan gara. Goian, une oro, gure hurrengo helmuga ikusten da, Atxabal mendiko haitzak eta antena. Pista jarraituz gero, Oroko santutegira heldu daiteke berehala, baina guk eskuinetara egin dugu Atxabal tontorrerantz. Kontuz! Apur bat lehenago beste pista batek tontorra inguratzen du, baina hori ez da gure bidea.
Harritzarren ondotik tontorrera heldu gara. Bista ederrak daude, Oroko santutegia ere ederto ikusten da. Bertara joateko, azken bihurgunetik irteten den bidezidor ia ikusezin bat hartu dugu, beti ia mendiaren gailurretik doana. Ez da bide zaila, baina kontuz ibili behar da. Gutxira Oroko santutegira heldu gara. Beherago ikusten den harrizko kruzerotik begiratokira jaitsi gara. Atzera egin barik, larretik behera egin dugu Orotik Murgiara doan oinezko pista aurkitu arte, zuhaitz artean. Antzinako meategi batek laku polit bat utzi du bide bazterrean. Bitorianora helduta, eliza handia bisitatu ostean, bidezidorretik herrira jaitsi gara. Kale artean eta harrizko bi zubi pasatu ostean, Murgiara heltzea besterik ez da falta hamalau kilometroko ibilbide ederra osatuz.