Neskatoak eta andrazkoak

Txorierriko Mankomunitatea 2026ko uztailaren 9a

(Freepik)

Tradizinoz 25 bat urtetik aurrerakoei andrak, andrazkoak eta andrakumeak esan izan jake mendebaldean. Hiztegiek honela defini- tzen dabe andrea: "emakumea, bereziki ezkondua edo adin batetik aurrerakoa". Gure artean ez dogu hainbeste erabilten emakume berbea. Andrak eta neskak. Dana dala, azken hori (neskea) ume eta gazteak izentetako baino, helduakaz erabilten dogu.

Eta horren aurretik? Ume-umeak izateri itxitakoan neskatoak edo neskatilak izatera pasetan dira. Txorierrin txapiskola eta poxpolina berba ederrak darabilguz neskatoengana hurreratzen garenean goxotasunez.

Kontuz ibili behar dogu andra eta emakume berbakaz, izan be erabilera okerra zabaldu da azken aspaldian: ume, gazte zein helduak izentetea berba horreekaz. Baina kontzeptu ezbardin bi dira andrea (emakumea) eta andrazkoa (emakumezkoa). Azken horreen definizinoa: "sexu emekoa; sexu emeko pertsona". Edozein adin daukiela be.

Juan Antonio Mogelek bizkaiera ederra erabilten eban bere idatzi gehienetan. Peru Abarka liburuan (1802) hau irakurri geinke: "Neskatilliak urten lei nora nai bere ule trenza ederragaz; baña ez neskiak". Testu horren atzean orduko ohiturak ezkutatzen dira. Neskatilek –edo neskatoek– ule luzea eroan ahal eben; ezkondutakoan, barriz, ulea tapatuta (bilduta) eroan behar izaten eben. Ezinbestean.

Sasoi baten alkatesa berbea zabaldu zan alkate kargua eukien andrazkoak izentatzeko. Eta, harrigarria bada be, bazan alkatesa berbea alkatearen andreari esaten eutsanik! Gaur egun berba hori baztertzeko gomendioa egiten da. Alkatea esanda nahikoa, andrazkoa zein gizonezkoa izan. Alkate andrea badinogu, bide beretik alkate jauna esan beharko dogu, ostantzean, tratu berezia emongo deutsegu. Eta bardintasuna bilatzen dogu, ezta? Azken baten, hizkuntzaren bidez bardinak, baina era berean ezbardinak garela erakutsi geinke.