Aldundiak Ibilbide Historikoak programa berezi bat aurkeztu du, Foru Berriaren 500. urteurrena ospatzeko. Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, “Ibilbide hauek atzera begiratzeko aukera emango digute. Gure memoria historikoa erdigunean jarrita, hobeto ulertuko dugu Foruek zer-nolako garrantzia izan duten Bizkaiko autogobernuaren oinarri gisa”. Horrez gain, gaineratu du: “Ondare bizia da, gaurkotasun handikoa; mendeetan zehar eskubideak eta antolatzeko modu propioak gordetzea ahalbidetu duena, eta gaur egungo Bizkaia hobeto ulertzen laguntzen diguna”.
Ekimen honek hiru ibilbide kultural proposatzen ditu, herritarrak lurraldearen antolaketa politiko eta sozialak mendeetan zehar izan duen bilakaerara hurbiltzeko eta ulertarazteko helburua daukate. Ibilbide guztiak autobusez egingo dituzte, geldialdiak eginez azalpenak emateko, eta tarte batzuk oinez egingo dira. Interesa dutenek www.ibilbidehistorikoak.eus webgunean egin ditzakete erreserbak.
Bertakoa
Zin Bidea Bizkaiko jaun-andreek edo haien ordezkariek Bilbo eta Bermeo artean egiten zuten ibilbidea da, Goikolexean eta Gernikan geldialdiak egiten dituena. “Zin egitea egintza solemnea zen, eta jaunaren eta bizkaitarren arteko ituna irudikatzen zuen”. Zamudioko Ate Zaharrean hasten da ibilbidea, Bilbon, eta geldialdiak egiten ditu Larrabetzuko Goikolexeako zin-elizan, Gernikako Batzar Etxean eta Bermeoko Santa Eufemia elizan. Uztailaren 28a eta 29a eta irailaren 25a eta 26a dira aurreikusitako egunak.