San Kiriko

Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2026ko uztailaren 20a

Badaude santuen izen batzuk arrakastatsuak izan direnak, arruntak bilakatu direnak: Pedro, Juan, Santiago, Kristobal... Gure inguruan ere badira hainbat eliza edo ermita izen horiekin. Beste izen batzuk, ordea, ez dute arrakasta bera izan: Kiriko, Formerio, Kiteria, Kolunba... Baina egon badaude, eta horien atzetik ibiliko gara hurrengo ataletan, bide batez, leku ederrak bisitatuz. Arabako San Kirikotik hasiko gara.

Arabako Kuartangora itzuli gara oraingoan, eta bailara amaitzear dagoela Aprikano herritxoan utzi dugu autoa. Etxe dotoreaz gain, Santiago elizako leiho erromanikoa ikusi dugu, inguru guztian erromanikoa oso presente dago eta. Trenbidea gurutzatu, kontuz, eta ezkerretara eginez, laster harrizko zubi ederraren gainetik pasatu gara eta berriz egin dugu ezkerretara. Merezi du Baia errekara hurbiltzea eta zubiaren sei begiak azpitik ikustea. Hantxe bertan iturri eder bat dago. Apur bat aurrerago adi, aurrera eta gora doan bidexka hartu behar da, eskuinetik doana laster amai-tzen da eta ez dago jarraitzerik. Beraz, aurrera eta gorantz egin dugu basotik, nahiko aldapa gogorretik. Bidegurutze batera helduta eskuineko pista hartu behar da, beherantz doan baso ederra zeharkatuz. Harkaitz berezi batzuen ondotik igaro, eta laster zuzen jarraituz, Uribarri-Kuartango herritxora heldu gara.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Oso txikia izan arren, etxe ederrak, armarria duen jauregi ikusgarria eta gure gaurko helmuga aurkituko ditugu: XII. mendeko eliza, San Kiriko eta Santa Julita. Bailara honetan beste asko bezala, kanpandorrea, edo kanpai horma hobeto esanda, elizatik bereizita dago, bere bi kanpaiekin. Eliza arte erromaniko ederrez dago apainduta: leihoa, portikoa eta teilatu azpiko harrizko iruditxoak. Aipatzeko da portikoko kapitel bat, pertsona buru bat irudikatzen duela iletik belarrietara bi suge dituenak eta ahotik beste bi ateratzen zaizkiolarik. Barruan Erdi Aroko bataiarri dotorea ei dago, baina ezin izan dugu ikusi.

Uribarri utzi eta Zuhatzu-Kuartangora doan errepidetik behera joan gara, baina bide erdian eskuinerantz doan pista hartu dugu, gari eta beste zereal artean doana. Ibilbidea egin dugun garaian gari soloen kolorea ikusgarria da eguzkipean. Aprikanora itzuli gara arazo barik, sei kilometro eskaseko ibilbidean. Behin hemen egonda, merezi du autoa hartu eta ondoan dagoen Zuhatzu-Kuartangora joatea, bertako garbitoki ederra ikustera. Ondoren, gorago dagoen San Pedro elizaraino joan gara. Nola ez, kanpandorrea kanpoan du, nahiz eta hemen kanpaiak falta, baita leiho eta portiko erromaniko dotoreak ere, baina ez da erreza izan hauek ikustea, bata oso goian dagoelako eta bestea burdinazko ate batek ez duelako hurbiltzen uzten.

Ezin amaitu San Kiriko edo Quiricori buruz ohar batzuk egin barik. Gure inguruan izena ez da batere ezaguna, Jon Maiaren eta Karidadeko Bentako abestiaz gain. Eliza katolikoarentzat erromatar martiriak ziren Santa Julita eta San Kiriko, ama-semeak. Araban ermita gehiago egon ei dira izen horrekin, gaur egun desagertuak. Nafarroan beste ermita bat dago eta Zuberoan pastorala egin zitzaion.