Ziurrenik lehen lerro hauek irakurtzerakoan zu zeu ere itsasoan imajinatu zara, azala kresalez beteta, haize freskagarri goxo batek ilea nahasten dizun bitartean. Edo ezagutzeke duzun herrialde horretan abenturak biltzen hasteko beharra biderkatu zaizu eta oporrak iristeko falta diren egunen atzera kontua egin duzu.
Hala, uda heltzerakoan, kaleak biziz eta terrazak jendez betetzen dira, jarduera sozialak ugaritu egiten dira eta, aspaldiko partez, egunek askotarako eman dezaketela sentitzen dugu. Hala ere, errealitate hau ez da guztiontzat berdina izaten eta bat-batean gure burbuilaren barruan automatikoki eraikitako uda idealaren ideia hau, oso gordin senti dezake besteren batek, hutsune erraldoi baten legez. Eta hainbat dira hutsune horretan kabitzen direnak, baliabide ekonomikoen falta eta sare sozial sendo baten gabezia, hala nola.
Nahitaezko bakardadea gero eta errealitate hedatuagoa da, eta ez da soilik adineko pertsonengan ematen. Egoera zaurgarrian dauden pertsona askok —diru-sarrera mugatuak dituztenek, lan-egoera ezegonkorra dutenek, osasun arazoak dituztenek, etxebizitza arazoak bizi dituztenek edo harreman-sare ahula dutenek— zailtasun handiak izaten dituzte beste pertsona batzuekin loturak eraiki eta eguneroko bizitzako une esanguratsuak partekatzeko. Udako hilabeteetan, desberdintasun horiek are nabarmenagoak bihurtzen dira eta hori nahikoa ez balitz, elkargune bat eskaintzen dieten gizarte zerbitzu batzuk murriztu edo itxi egiten dira, errutinak eten egiten dira eta ohiko harremanak urritu.
Bakardadea ez da soilik bakarrik egotea; norbere burua besteengandik urrun sentitzea ere bada, entzuna edo kontuan hartua ez izatea. Eta sentimendu horrek eragin sakona du pertsonen ongizate emozionalean, autoestimuan eta osasun mentalean. Askotan ikusezina den arren, dakartzan ondorioak oso errealak dira.
Garrantzitsua deritzot gogora ekartzea egoera hau ez dela soilik norbanakoen arazoa, gizarte osoari dagokion erronka kolektiboa baizik. Komunitate gisa, badugu ardura harremanak sustatzeko, espazio ireki eta inklusiboak sortzeko eta inor atzean geratzen ez dela bermatzeko. Uda bezalako garaietan, are beharrezkoagoa da begirada aktiboa izatea: ingurura begiratzea, entzutea eta gertutasun keinu txikiak eskaintzea.
Batuz Gizarte Fundaziotik, eguneroko lanean, pertsonen arteko loturak indartzen, konfiantza espazioak sortzen eta komunitatea eraikitzen saiatzen gara, uste baitugu harremanak direla bakardadearen aurkako babes nagusietako bat. Eta horregatik, topaguneak, ekimen parte-hartzaileak eta elkartasunezko sareak sustatzen saiatzen gara. Azken batean, komunitate inklusiboagoak eta zaintzaileagoak eraikitzea da erronka.