Hasarre nago. Hasarre nago eskolako Whatsapp taldean euskeraz egitea errespetu falta dala dinon gurasoagaz, Euskaraldian Ahobizi txapa aukeratu eta erdera hutsean ibili zanagaz, edo herriko hamaikakoan parte hartu arren sare sozialetan erderaz bakarrik publiketan dauenagaz; baita KORRIKAko lekukoa postureoagaitik erosi gura izan eben CCOO eta PSOEgaz zein KORRIKAko mezuaren egileen aurka egin eban politikariagaz be.
Hasarre nago. Hasarre nago D ereduan ikisi arren euren seme-alabari erderaz egiten deutsien guraso barriekaz, hogeita hamar personako bilera baten euskera gitxi gorabehera ulertan dauen persona bat dagoalako bilera hori gaztelaniaz egingo dala erabagitzen dauenagaz eta Sondikako Ola auzoa "bizi guztian" "La Ola" izan dala esaten dauenagaz.
“Hasarre nago euskeraren erabilerak Txorierrin behera egiten jarraituko dauelako eta ez dodalako larritasun handiegirik ikusten”
Hasarre nago. Hasarre nago Sondikako udako zineman "Irati" (euskeraz grabatu zan pelikula) gaztelaniaz emon dalako, Telmo Iruretagoiena eta Aitziber Garmendia euskaldunek antzerkia, Sondikan, gaztelaniaz egin behar izan ebelako; Zuhaitz Gurrutxaga, Nerea Gorriti, Iñigo Aranburu eta Oihana Maritorena euskaldunen Scape Room be Sondikara gaztelaniaz ekarri zalako; Herri Txiki Infernu Handin gazterik agertu ez eta euskera zaharren kontua dala ulertzera emon zalako; sanjuanetako kuadrillen igoerako txarangak abesti bakar bat be euskeraz abestu ez ebalako.
Hasarre nago. Hasarre nago euskeraren erabilerak Txorierrin behera egiten jarraituko dauelako eta ez dodalako larritasun handiegirik ikusten. Haserre nago % 4ko kale-erabilera normaltzat hartu eta onartu egin dalako. Haserre nago egoerari buelta emoteko borondate politikorik ikusten ez dodalako.