200dik gora herritako ordezkariak batuko dira domekan Bergaran, foruen abolizioa eta Alkateen Mugimendua oroitzeko

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 17a

Aurten 150 urte betetzen dira foruak deuseztu zituztenetik, eta 50 urte Alkateen Mugimendua martxan jarri zutenetik. Horregatik, domekan, uztailak 19, ekitaldi berezia antolatu dute.

150 urte dira foruak deuseztu zituztenetik eta mende erdi Bergaran Alkateen Mugimendua abiatu zutenetik, eta, bi efemerideak gogoan hartzeko, 200 udal ordezkari baino gehiago batuko dira domekan, uztailak 19, Bergaran bertan, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ekitaldi instituzional batean. Ekitaldiak “karga sinboliko handia” izango duela azaldu dute eta “iragana, oraina eta etorkizuna” lotuko dituela musikaren eta dantzaren bitartez.

Bai foruen abolizioak, baita Alkateen Mugimenduak ere “sakon markatu dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera”. 1976ko udal ordezkarien “ekarpena” oroitzeaz harago, “etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko topagune” izatea nahi dute.