Bien arteko muga gure bailaran dago: herri gehienetan eklipse totalaz gozatu ahalko dugu, baina Larrabetzuko Urian eta iparralderago dauden auzoetan partziala izango da, Lezamako Goitioltzan bezala. Ia bi orduz gurutzatuko du ilargiak eguzkia, baina eklipsearen maximoa (iluntzeko 20:28ean) gurean oso laburra izango da, apenas 12 segundukoa (Gaztelako herri batzuetan ia bi minutu iraungo du). Txorierrin, azkenekoz 1905ean bizi izan genuen fenomeno hau, eta mende honetan ez da berriro gertatuko. FOMOa izugarria da, beraz.
Eklipsea gozatzeko badira hartu beharreko hainbat neurri. Ana Galarraga Aiestaranek gomendio hauek eman ditu Elhuyar Zientzia aldizkarian:
- Eklipsea arratsaldeko azken orduan hasiko da. Hortaz, Eguzkia nahiko baxu egongo da zeruan, 8º inguruko altueran. Ipar mendebaldeko zerumuga garbi ikusten den leku bat bilatu behar da. Eta kontuan izan eguraldiaren iragarpena, noski.
- Ilargia 19:30ak aldera hasiko da Eguzkiaren aurretik igarotzen. Pixkanaka joango da estaltzen, eta, ordubete geroago, 20:27an, eklipsearen maximoa izango da. Ilunabarra 21:30ak aldera izango da, pare bat minutu geroago desagertuko da guztiz Ilargia Eguzkiaren paretik.
- Ez ahaztu begiak babestea! Bestela, proiektatuta ikus daiteke, itzalen bidez. Ikusmen-arazoak dituztenentzat, badaude aplikazioak soinu bidez jarraitzeko eklipsea.