Ta uda hau hain perfektua ez bada?

Mireia Soba Martinez 2026ko uztailaren 30a

(Magnific)

Uda iritsi da, eta badirudi denok primeran pasatzen egon behar dugula. Bidaiak, jaialdiak, lagunekin afariak... Sare sozialak irekitzea besterik ez dago ideia bera etengabe jasotzeko: denak primeran ari dira pasatzen.

Baina kontsultan gero eta gehiago ikusten dugun errealitate bat dago: pertsona askok ilusio baino presio handiagoarekin heltzen diote udari.

Oharkabean, aisialdia azterketa moduko zerbait bihurtu dugu. Jada ez da nahikoa atseden hartzea; badirudi egun bakoitza aprobetxatu behar dugula, esperientzia ahaztezinak bizi eta ia derrigorrez zoriontsu izan. Gure benetako oporrak sare sozialetan ikusten ditugunen antzekoak ez direnean, frustrazioa agertzen da.

Horri lotutako kontzeptuetako bat FOMO delakoa da (Fear Of Missing Out), hau da, zerbait galtzen ari garenaren beldurra. Horren ondorioz, besteenekin alderatuz, etengabe aktibo egon behar dugula sentitzen dugu. Gure egunerokoa besteen unerik onenekin alderatzen dugu, eta konparaketa horrek ia beti kalte egiten digu.

Horri gehitzen zaio autore batzuek ‘zoriontasunaren diktadura’ deitzen dutena: etengabe ondo sentitu behar garenaren ideia. Nekatuta, aspertuta, triste edo planik egiteko gogorik gabe egotea saihestu beharreko zerbait balitz bezala bizi dugu. Hala ere, emozio deserosoak ere bizitzaren parte dira, eta uda izate hutsagatik ez dira desagertzen.

Egoera honen beste aldean bakardadea sentitzen duten pertsonak daude. Garai honetan jarduera soziala askoz ikusgarriago bihurtzen da, eta horrek isolamendu sentsazioa areagotu dezake. Ez derrigorrez urteko beste garai batzuetan baino bakarrago gaudelako, baizik eta badirudielako beste guztiak lagunduta eta planez inguratuta daudela, gu izan ezik.

Horrelako egoeren aurrean, lagungarria izan daiteke gure osasun mentala zaintzeko keinu txiki batzuk egitea. Adibidez, sare sozialetan ematen dugun denbora mugatzea, batez ere geure burua besteekin alderatzen ari garela ohartzen bagara. Era berean, komeni da gure buruari galdetzea zer behar dugun benetan: agian bidaiatu beharrean atseden hartu, edo jende askorekin egon beharrean konfiantzazko pertsona batekin denbora partekatu.

Garrantzitsua da gogoratzea atsedena bera ere jarduera baliotsua dela. Ez dugu etengabe zerbait egiten aritu behar, ezta egun guztiak plan bereziez bete ere. Udan ere badago tokia asperdurarentzat, lasaitasunarentzat eta erritmo motelago baterako.

Eta, batez ere, emozio guztiak onartzen ikasi behar dugu. Pertsona guztiek ez dute gauza bera behar ondo sentitzeko. Batzuek bidaiatuz gozatuko dute; beste batzuek, etxean atseden hartuz. Batzuek konpainia bilatuko dute; beste batzuek lasaitasuna eskertuko dute. Osasun mentala hobetu egiten da perfekziozko itxaropenak alde batera utzi, eta benetan behar dugunarekin konektatzen hasten garenean.

Izan ere, agian helburua ez da uda perfektua izatea, baizik eta nahikoa ona den uda bat bizitzea.