“Euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du, hitzaren eta erabakiaren jabe”

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 20a

Ekitaldi instituzionala egin zuten atzo, uztailak 19, Bergaran, foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena gogoratzeko. Omenaldian, 180 udalerri baino gehiagotako ordezkari instituzionalek parte hartu zuten.

Ekitaldian, autogobernuaren, erakunde propioen eta memoria historikoaren balioa nabarmendu zuten. Era berean, 1976ko Alkateen Mugimenduak egindako papera ere gogoratu zuten: “Duela mende erdi Bergaran bildu ziren alkateek ere elkarlana lehenetsi zuten. Argi esan zuten Euskal Herriak bere nortasuna, historia eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea zuela”.

Egungo egoerari dagokionez, “euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du, hitzaren eta erabakiaren jabe” izan behar duela defendatu zuten eta gaineratu: “Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar du bere etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko”.

Euskal nortasuna eta hizkuntza ere aipatu zituzten. “Foruak abolitu arren, Espainiar eta Frantziar estatuek ez zuten Euskal Herria desegin. Oldarraldiak oldarraldi, oraindik euskaraz hitz egiten dugu eta euskaraz bizi gara. Gure hizkuntzak eta gure herriak bizirik dirautelako, memoria duelako eta bat izan ginelako, garelako eta izateko borondateari eusten diogulako”.