Azoketan behiak erakusteko debekua kendu dute

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 24a

Batez ere behiei eragiten dien dermatosi nodular kutsakorragatik jarri zuten debekua urte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek. Gaixotasunaren egoera bilakaera ona ikusita, neurri horiek malgutzea erabaki dute.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, urtarrilaren 30ean agindu zuten animaliekin egiten diren azoketan eta bestelako ekitaldietan murrizketak ezartzea. Horrez gain, ganadua mugitzeko baldintzak gogortu zituzten. Gaixotasunaren egoera epidemiologikoaren “bilakaera ona” ikusita, ordea, neurri horiek malgutzea erabaki dute Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek. Horrenbestez, berriro egin ahal izango dira azokak behi, zekor, idi eta zezenekin, animalien osasun arloko agintari eskudunek ezartzen dituzten baldintzen arabera.