Udaletako langileak grebara deitu dituzte berriro urriaren 8rako

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 24a

Apirilaren 23an bi orduko lanuztea osatu zuten eta ekainaren 4an egun osokoa. ELAk eta LABek egin dute deialdia, Eudel patronala negoziatzera behartzeko. Sektoreko lan hitzarmena berritu gabe dago 2010etik, nahiz eta negoziazio mahaia irekita egon.

Udalhitzeko mahaian “aurrerapausorik” ez dagoenez, grebara joko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileek, ELAk eta LABek deituta. Haiek dute gehiengoa sektorean, %83,4ko ordezkaritza dute. Duela urte eta erdi sortu zen negoziazio mahaia sindikatuen eta Eudelen artean. Deitzaileek zuzenean interpelatu dute udalen elkartea, negoziaziorako “borondatea” izan dezala eta langileen baldintzak «erdigunean» jar ditzala exijitzeko.

Besteak beste, “erosahalmena berreskuratzeko” neurriak hartzea nahi dute, euskaraz lan eta bizitzeko baliabideak jartzea, lanaldia murriztea, errelebo kontratuak ezartzea eta gazteberritze planak egitea. Egungo lan hitzarmenak hamasei urte daramatza bere horretan, eta sindikatuek salatu dute zenbait udaletan akordio «partzialak» bai, baina hitzarmen «integralik» ez dela egin, ezta Udalhitz mahaitik kanpo dauden udaletan ere.