IEUP, euskararen komunikazio sarea: munduko euskaldunak mapa berean elkartzeko erronka

Mikel Reina Barros 2026ko irailaren 3a

Proiektuak bere lehen aurkezpen kanpaina abiatu berri du. Helburua sinplea da, baina aldi berean anbizio handikoa: munduko euskaldun guztiak mapa berean agertzea. Bi pertsonaren ekimenetik sortu da aplikazioa: Toan Tran software ingeniari vietnamdarraren eta Josan Aramayo EHUko doktoregaiaren eskutik.

IEUPek dio gaur egungo sare digital gehienak “mundu globalizatu baten logikaren arabera” eraiki direla. Horren ondorioz, hizkuntza eta kultura txikiak ez dira komunikazioaren erdigunean jartzen. Horregatik, uste dute euskararen etorkizuna ezin dela soilik sare globalen esku utzi. Haien proposamena ez da beste sare sozial bat sortzea bakarrik. Komunikazio-eredua aldatzea da. Euskara komunikazioaren erdigunean jartzea, eta euskal komunitateak bere tresna propioa eraikitzea.

“Sare globalek sakabanatu egiten gaituzte, eta gure komunitatearen kontzientzia osoa galtzen dugu. Elkar mapa berean ikusteak, aldiz, balio sinboliko eta praktiko handia du: nor garen eta zenbat garen ikusarazten du, komunitatearen kohesioa sendotzen du, euskararen arnasgune digital bat eta denok elkartzeko plaza digital bat sortzen ditu, eta etorkizunean elkarlanerako oinarri sendo bat eraikitzeko abiapuntu bihurtzen da”.

Sortzaileen ustez, hortik aurrera etor daitezke gainerakoak: “Euskararen erabilera indartzea, kultura biziberritzea, proiektu berriak sustatzea, euskara galtzeko arriskuan dauden herritarrak beste euskaldunekin harremanetan jartzea, adinekoak edo mugikortasun arazoak dituztenak ez baztertzea eta, batez ere, txikia denari protagonismoa ematea”.