BATUZ

Leku bat

Jone Goitisolo Uriarte · Komunitatearen eraldaketarako teknikaria

Ekain amaieran Madrilen izan ginen, GRIGRI Projects-eko lagunek Nola bihurtu beldurra ospitalitate? lelopean antolaturiko topaketetan parte hartzen, gure NomadaLab proiektua elikatzeko asmotan. Galdera sinplea dirudi botatakoak, baina bete-betean heltzen dio egungo erronka nagusietako bati. Izan ere, pentsatu ahal duzu inoiz zer egiten dugun edo nola jarduten garen ezezagun edo arrotz sentitzen dugunarekin? Beldurra elikatzen dugun ala zubiak eraikitzen saiatzen garen? Gero eta anitzagoak diren gure herri, hiri eta komunitateetan, elkarbizitza nola eraiki asmatzeak inkognita bat izaten jarraitzen du.

Esperientziak eta teoriak erakutsi digute bazterketa ez dela baliabide faltaren ondorio hutsa.

Batzuetan bakardade gisa agertzen da. Beste batzuetan, aurreiritzietan. Baita isiltasunean, epaiketetan edo pertsona batek inon tokirik ez duela sentitzen duenean ere.

Leku berri batera iristeak ez du soilik hizkuntza, egiteko modu edota administrazio-sistema berri bati aurre egitea suposatzen. Elementu gehiago daude eragiketan: bakardadea, harreman-sareak zerotik berreraiki beharra, etxetik urrun egotea, mesfidantza edo aurreiritziei aurre egitea, kasuak kasu norbere gaitasunak etengabe justifikatu beharra, eta abar.

Horregatik, ospitalitateaz jarduten garenean, gurera datorrenaz hitz egitea baino gehiago da. Ospitalitateaz hitz egitea, komunitateaz aritzea da. Nor sartzen den barruan eta nor geratzen den kanpoan. Nork sentitzen duen onartua izan daitekeela eta nork ez. Eta denok dugu zerbaiten parte garela, leku bat dugula, sentitzeko beharra. Norbaitek gure izena gogoratzea, nola gauden galdetzea edota ez gaudenean gure hutsunea sumatzea. Zainduak izateko beharra, finean. Eta honek lotura zuzena du ongizatearekin, osasun emozionalarekin eta bizi-kalitatearekin.

Azken urteotan, ordea, maiz entzun ditugu beldurrean oinarritutako diskurtsoak. Kanpotik datorrena, desberdina dena edo gure errealitatetik urrun dagoena mehatxu gisa aurkezten duten mezuak. Aurreko batean ere aritu ginen beldurrean oinarritutako gorroto dis- kurtso hauez berriketan. Eta gaurkoan, ezin aipatu gabe utzi ezta, migratzaileen inguruan sorturiko estereotipoak, egoera zaurgarrian bizi diren pertsonei buruzko esanak, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak arriskutsu gisa aurkezten dituzten ideiak edo sexu-orientazio eta genero-identitate ezberdinen inguruko mesfidantzak. Gu eta “besteak” bereiztearen inertzia.

Eguneroko bizitzak, halabaina, bestelakoa erakusten digu: istorioak parteka- tzen direnean, mesfidantzak indarra gal-tzen duela. Zeren, harremanak sortzen direnean, komunitatea indartu egiten da. Aurreiritzi gehienak urruntasunean hazten baitira eta gertutasunean, berriz, desegin. Ospitalitatea, azken finean, horixe da: pertsona bere osotasunean ikusteko gaitasuna. Ez bakarrik bere egoera administratiboa. Ez bakarrik bere jatorria edota identitatea. Bere duintasuna. Bere potentziala. Bera, oso-osorik.

Eta ez zaitez erratu, ez gara perfekzioa bilatzeaz ari. Ez dugu aniztasunaren inguruko gai guztietan aditu izan behar pertsona bat errespetatzeko. Nahikoa da ikasteko prest egotea, entzuteko eta elkarbanatzeko prest. Akatsak onartzeko eta zuzentzeko borondatea izatea. Komunitate irekiak, perfektuak baino, ikasten jarraitzeko prest dauden horiek baitira. Eta zuk beste daukate irakasteko “besteek”. "Haiek" beste ikasteko zuk.

Askotan pentsatzen dugu bazterketaren aurkako borroka politika publiko handien bidez egiten dela bakarrik. Eta, zalantzarik gabe, politika publikoek zeresan handia dute. Baina badira beste maila batzuk ere: komunitarioa, auzokoa eta egunerokoa. Pertsona bat komunitate baten parte sentiarazten duten elementu asko ez dira legeetan agertzen. Agurretan agertzen dira, entzutean, konfiantzan eta hurbiltasunean.

Horregatik, zaintzen duten lekuen benetako indarra harremanetan dago, pertsonek baliabide bat ezik, aitortza bat aurkitzen dutelako bertan. Azken batean, ez gabiltza ate bat irekitzeaz soilik, “hemen leku bat duzu” esateaz baino. Eta agian horixe da ospitalitatearen benetako esanahia: inor soberan egongo ez den lekua(k) eraikitzea. Beldurra ez da desagertuko, baina entzuteak, hurbiltasunak eta harremanek eraldatu egiten dezakete. Orain da momentua hormak edo zubiak eraiki nahi ditugun erabakitzeko.