Zenbakiak gurean

Txorierriko Mankomunitatea

Irulegi aldean «abar» inskripzinoa topau dabe oraintsu. Adituen esanetan, zenbaki baskoniko baten lehelengo lekukotasuna izan leiteke hori (‘hamar’). Gu hemen ez gara hain atzera joango, baina tira, gura badozue batetik hamarrerako bidaia egingo dogu alkarregaz, Txorierriko euskeran barrena.

1. Umeen lehelengo haginei txantxurrak esaten deutsagu. «Apur bat» edo «pixkat bat» adierazoteko piti(n) bet be badinogu.

2. Desbardinak dirala esateko, gauza bi dirala dinogu. Neba-arreba bikotxak dagoz. Gure etxeak bizitza batekoak izan leitekez, baita bizitza edo bizimoduko bikoak be.

3. Hirurrenak esaten jake hiru egunean segiduan egiten diran mezei. Ume txikiei idunaren inguruan kokoteari eusteko zapi bat jartzen jaken: hiru punteko pañelue (Derio) edo hiru kurtzeko pañelutxue (Zamudio).

4. Umea katamar doala esateko lautxakurka edo lautxakur doala be entzun geinke gure eskualdean.

5. Boskantoia sagar klase bat da, bost kantoi edo ertz daukazana. Ganaduak sasoi baten, kilotan barik, erraldetan pisatzen ziran. Erralde batek bost kilo eukazan.

6. Aparteko jaiegunik ez eukan asteari seiastea esaten jakon, zapatuan behar egiten zanez, 6 eguneko astea zan eta.

7. Behar baino lehenago jaiotzen diran umeei zazpikiak edo zazpi hilebetekoak esaten deutsegu.

8. Zortzikiak be izan eitekezan... Zortzikoa erritmo ezaguna be bada.

9. Hildako edo santu baten omenez egiten ziran mezak bederatziurrenak esaten deutsegu. Ezagunak ziran, esaterako, Ama Birjinari egiten jakozanak.

10. Karta-jokoan, hamar zenbakikoari txankea esaten jako. Usain ederreko lore bati (Lonicera sp.) hamar mandamentu esaten jako.

Hamaika kontu barri ikasiko doguz entzuten jakin ezkero...