Tauparen bazkide diren zenbait elkarte eta udaletan Mintzapraktika taldeetan izena emateko epea zabaldu dute. Bertan parte hartzeko, gutxienez, euskara ondo menderatzen duen pertsona bat eta hizkuntza praktikatu nahi duen lagun talde bat elkartuko da, “modu boluntarioan eta adostutako maiztasunarekin elkarrizketan aritzeko”.
Baina Mintzapraktika hori baino askoz gehiago da. Ingurune akademikotik kanpo euskara erabiltzen hasteko edo gehiago erabiltzeko aukera bat da, jende berria ezagutzeko, gure ikuspegia zabaltzeko, komunitate handi baten parte izateko.
Horregatik, “ahalik eta jende gehienarengana hedatzeko” orain Mintzapraktika sarean egiteko aukera zabaldu dute ikasturte honetan. “Horrela, bere herrian Mintzapraktika talderik ez duenak, aurrez aurre bertaratzeko zailtasunak dituenak edo atzerrian bizi den euskaltzaleak aukera izango du bere taldea sarean osatzeko, eta, nahi duenean, aurrez aurreko ekintzetara bertaratzeko”.
Mintzapraktika talde batean izena eman nahi duen orok bere herriko euskara elkartean informazioa eskatu dezake edo sarean izena eman dezake ondorengo loturaren bitartez: https://mintzapraktika.taupamugimendua.eus/mintzapraktika-izena-ematea/.