GUTUNA

Ez naute kikilduko

Alain Eiguren Zubizarreta

(Magnific)

Azken hilean nire izen-abizenak eta nire irudia zabaldu dira sare sozialetan nik egin ez nuen eraso bat leporatuz. Bi faxistek, Alberto Gonzalo de Juanek (Pugilato bezala ezaguna) eta Dani Estevek seinalatu egin ninduten jipoi baten parte hartu izana leporatuta, nire kontrako jazarpena bultzatuz X (lehengo Twitter) sare sozialean. Ordu gutxi batzuetan, nire irudia, izen-abizenak eta sare sozialetako kontuak (baita nire familiarenak ere) sareetan zeuden bueltaka. 

Haien argitalpena eta gero etorri ziren irainak, mehatxuak, jazarpena eta nire zein nire familiaren inguruko informazioa zabaltzea: nire neba-arreben Instagram kontuak, nire familiaren arbola genealogikoa, bizilekua, eta abar, eta abar. Mehatxu oso larriak egin ziren nire kontra: “gertutxo harrapatzen nau [zure bizilekuak]”, “honek 22 [bala mota] on batzuk merezi ditu”, Unai Romanoren irudiarekin batera, “hurrengo geralekua [zu zara]”, agur faxistaren emotikonoarekin batera, eta abar, eta abar. Ezin ditut denak hemen aipatu, baina horiek dira larrienetako batzuk, ideia bat egin dezazuen.

Seinalamenduaz kontziente izan nintzenean, lagunei eta familiari esker, segituan jo nuen salatzera, ez zedin akusazio faltsu hau zigorgabe geratu. Handik egun batzuetara, akusatu ninduten bi faxistek euren “akatsa” onartu zuten, esandakoa “zuzentzen” zutela esanez; hau da, erasoarekin inongo loturarik eduki gabe seinalatu nindutela faltsuki. Hori egitearekin batera, mezuak ezabatu zituzten. Dena den, kaltea eginda zegoen. Nire irudiaren, izenaren, ohorearen, familiaren, eta ongizate fisikoaren kontra egindako erasoa hor zegoen, eta faxisten mezuek hor segitzen zuten.

Hala ere, ez dut uste kasualitatea denik nire kontra egin izana, profil politiko markatua dut sareetan, eta hortik etorriko zatekeen seinalamendua. Bai, abertzalea naiz, komunista eta baita antifaxista ere, eta ez daukat ezer ezkutatzeko. Abertzaletasuna eta komunismoa Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta soziala lortzeko beharrezkotzat dauzkat, eta horiek lortzeko antolatzen naiz. Ez naiz nire militantziaz batere damutzen.

Faxismoa kapitalismoaren tresna eraginkor eta basatiena da, herri langilearen kontra erabiltzen dena burgesiak haren interesak kolokan ikusten dituenean. Ezin zaio neutraltasunez erantzun. Faxismoari aurre egin behar zaio kaleetan, lantokietan, sareetan eta eguneroko edozein arlotan eta edozein bitartekorekin. Faxismoarekin ez da eztabaidatzen, faxismoa suntsitu egin behar da.

Gora Euskal Herria antifaxista!

Ez dira pasako!