Eta errua ez da orkestrarena. Inondik inora. Haien ikuskizuna eskaintzen dute, beren osagai guztiekin: hit uholde bat, pentsatzen uzten ez duten argiak eta %200ean funtzionatzen duen espektakulu bat. TikTok-eko algoritmo amaigabearen antzera, etengabeko estimulu jarioa, arnasa hartzeko tarterik ere uzten ez duena. Ez du ikuslea aspertzeko tarterik uzten, ezta segundo batez ere.
Hau dena, nola ez, euskara eta euskal kultura albo batera utzita. Baina, esandakoa, hau da kontratatzen dena, ez dute ezkutatzen. Hemen, nire uste apalean, hausnarketa egin behar da programazioaren aldetik. Nork pentsatu du herriak eta Txorierrik hau behar dutela? Nork dauka premia ukaezin bat Potra Salvaje lau haizetara abesteko Zamudioko parke batean? Jendea entretenitzea besterik ez al da helburua? Edo kultur ekintza batek badu beste funtziorik ere? Zer leku uzten diogu gure inguruko artistei eta kultur eragileei?
Kezkatzen nauena joera bat sumatzen hasia naizela da. Ez dira gutxi eskualdean –Loiun, Derion, Zamudion– halako ekitaldiak programatu diren aldiak, eta guztietan izan dut egun batetik bestera Bienvenido, Mister Marshall filmean bezala sentitzearen sentsazioa: orkestra hauek zerutik jaitsitako zerbait balira bezala, herri osoa haien zain egongo balitz bezala.
Agian horixe da gakoa: Txorierri plastikozkozko kultura azukretsuaren erdigune bihurtzea. Eta etor dadila mundu guztia! Nik zer dakit.
Hilaren 17an Hiru Bat dantza taldearen urteurrena amaitu ondoren, nik eta nireek berriro hartuko dugu trena Bilbora joateko, gure herriek pixkanaka eskaintzeari uzten ari zaizkigun zerbaiten bila.