Irudipenak irudipen, gero eta ikerketa gehiagok erakutsi dute musika ez dela mina sentitzen dugun unea jasangarriago egiteko entretenimendu hutsa, min hori sentitzen dugun moduan eragin baitezake.
Alabaina, zer da mina, esangura hertsian? International Association for the Study of Pain (IASP) erakundeak mina "benetako edo balizko ehun-kaltearekin lotutako esperientzia sentsorial eta emozional desatsegin" legez definitzen du (Raja et al., 2020)1. Hau da, mina ez da gorputzaren erantzun mekaniko hutsa, gure emozioetan ere eragina duelako. Estimulu mingarri bat nerbio-sistematik barrena doa, baina garunak ez du informazio hori modu pasiboan jasotzen. Aitzitik, hainbat garun-eremuk (besteak beste, kortex somatosentsorialak, insulak, kortex zingulatuak, amigdala eta garun-enborreko eremu batzuek) minaren alderdi sentsorial, emozional eta kognitiboetan esku hartzen dute. Gainera, garunak mina areagotu edo murriztu dezake tresna neuronalak erabiliz, bizkarrezur-muinean transmititzen diren seinaleak modulatuz.
Aurrekoaz gain, musika dugu. Musika entzutean, gure garunak ez du ‘soinu bat’ besterik gabe prozesatzen. Adibidez, arretan eta memorian parte hartzen duten sareak ere aktibatzen dira. Horrek esan nahi du musikak minaren esperientzian eragin dezakeela hainbat alderditatik ikusita: arreta minetik aldendu dezake, emozioak doitzen lagun dezake, erlaxazioa sustatu eta garuneko sari-sistemak aktibatu ditzake. Ikertzaileek mekanismo edo tresna horien konbinazioak proposatu dituzte musikak minaren pertzepzioan duen eragina azaltzeko, nahiz eta oraindik ez den guztiz argitu tresna bakoitzak zer-nolako garrantzia duen (Bradt et al., 2026)2.
Horregatik, musika ez litzateke mina arintzen duen gozagarri soila izango. Pentsa dezagun abesti ezagun bat entzuten ari garela. Melodia ezagutu, hurrengo nota aurreikusi eta letra gure buruan errepikatzen dugun bitartean, arreta beste estimulu zehatz batzuetara bideratzen dugu. Aldi berean, abesti horrek oroitzapen bat ekar dezake edo emozio jakin bat eragin (Howlin et al., 2020)3 . Prozesu horiek guztiek minaren esperientziarekin elkarreragin dezakete. Mina ez baita seinale fisiko hutsa, baizik eta garunak eraikitzen eta modulatzen duen esperientzia konplexua.
Edonola ere, musika guztiek balio dute mina baretzeko? Antza denez, ez dago minarako «abesti perfekturik». Ikerketa batzuek musikaren ezaugarriak aztertu dituzte, hala nola tempoa, instrumentazioa, melodia edo letrarik dagoen ala ez. 2018ko berrikuspen sistematiko eta metaanalisi batek 85 ikerketa aztertu zituen, eta musikaren erabilerak minaren kudeaketan eragin orokor esanguratsua aurkitu zuen, nahiz eta ikerketen arteko alde handiak egon. Datuak, ordea, ez ziren gauza izan mina leuntzen duen musika ezaugarri jakinak zedarriztatzeko (Martin-Saavedra et al., 2018)4.
Agian, geure buruari egin behar geniokeen galdera hauxe litzateke: zelan alda dezake musikak gure garunak darabilen mina sentitzeko modua?
Zoritxarrez, oraindik ez dugu erantzuna. Badakigu minaren esperientzia garunaren, gorputzaren eta emozioen arteko elkarreragin konplexua dela, eta badakigu musikak sistema horietako hainbatetan eragin dezakeela. Badakigu, hala berean, musika erabili duten ikerketa kliniko ugarik arindurak antzeman dituztela minaren intentsitateari edo minari lotutako estutasunari dagokienez. Baina ondorioak ez dira berdinak pertsona guztiengan, ezta egoera guztietan ere.
Hortaz, ondoriozta genezake musikaren baliagarritasuna ez datzala mina desagerrarazteko ahalmenean; minaren aurkako jardunean, gure garunak duen erantzun konplexu horretan beste aldagai bat baliatzeko ahalmenean baizik. Eta agian, horregatik, sendatzeko erabiltzen dugun langaia ez dago botika-kutxan, entzungailu batzuen barruan dago...
_______
1 Raja, S.N., Carr, D.B., Cohen, M., Finnerup, N.B., Flor, H., Gibson, S., Keefe, F.J., Mogil, J.S., Ringkamp, M., Sluka, K.A., Song, X.-J., Stevens, B., Sullivan, M.D., Tutelman, P.R., Ushida, T., & Vader, K. (2020). The revised International Association for the Study of Pain definition of pain: concepts, challenges, and compromises. Pain, 161(9), 1976–1982. https://doi.org/10.1097/j.pain.0000000000001939
2 Bradt, J., Hirsh, A., Jensen, M.P., Desbarats, E., Burns, D.S., Dusek, J.A., Garland, E.L., Georgescu, R.D., Gumert, L., Hanson, K., Khawsar, J., Smit, T., & Roy, M. (2026). A scoping review of music-based pain treatment mechanism research. PAIN Reports, 11(4). https://doi.org/10.1097/pr9.0000000000001467
3 Howlin, C., & Rooney, B. (2020). The Cognitive Mechanisms in Music Listening Interventions for Pain: A Scoping Review. Journal of Music Therapy, 57(2), 127–167. https://doi.org/10.1093/jmt/thaa003
4 Martin-Saavedra, J.S., Vergara-Mendez, L.D., Pradilla, I., Vélez-van-Meerbeke, A., & Talero-Gutiérrez, C. (2018). Standardizing music characteristics for the management of pain: A systematic review and meta-analysis of clinical trials. Complementary Therapies in Medicine, 41, 81–89. https://doi.org/10.1016/j.ctim.2018.07.008