Azaroaren 12ra arte eskatu daitezke Errigorako udazkeneko kanpainako saskiak

Mikel Reina Barros

'Euskarari puzka' udazkeneko kanpaina jarri du Errigorak, eta saskiak azaroaren 12ra arte eskatu ahalko dira. Kanpainari bultzada emateko dokumental bat sortu dute, Larrabetzun aurkeztuko dute eguenean, urriak 29.

Udaberriko deialdiaz gain, udazkenean ere Euskarari puzka deituriko kanpaina jarri dute martxan. Parte hartu nahi duenak azaroaren 12ra arte egin dezake eskaera. Errigora.eus atariaren bidez egin daiteke, edo, bestela, auzolangileek herriz herri zabalduko dituzten eskuorriak betez. Ondoren, azaroaren amaieraren eta abenduaren hasiera bitartean banatuko dituzte saskiak Euskal Herriko hainbat gunetan.

Hiru saski mota daude. Salduena saski beltza da: 60 euro balio du, eta Ager eremuko produktu tipikoak daude. 5 euro garestiagoa da saski berdea, eta produktu ekologikoz osaturik dago. Gorriak, berriz, 75 euro balio du, eta, saskirik bereziena da: Eguberrietan oparitzeko aproposak izan daitezkeen produktuak daude, hala nola, ardi gazta, polboroiak eta patxarana. Urtero 16.000 saski inguru saltzen dituzte.