Osakidetzako sindikatuek barikuko greba mantenduko dute, aurrerapenik ez dagoelako

Mikel Reina Barros

ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk eta UGTk salatu dute Osakidetzak oraindik ez duela aurkeztu “soldatak hobetzeko proposamenik, ezta lan baldintzak hobetzeko neurri zehatzik ere”. Horrenbestez, barikuko, urriak 30, greba deialdia mantenduko dute.

Grebari eutsiko diote, “lan baldintzak arautzen dituen akordio berria negoziatzeko aurrerapen nahikorik ez dagoela iritzita”. Sindikatuek Osakidetzari eskatu diote langileen beharrei erantzungo dieten proposamen zehatzak aurkezteko; besteak beste, “beharginen lan baldintzak benetan hobetzeko neurri eta konpromiso zehatzak”. 

Aurreikusitako bost greba egunetatik lehena izango da barikukoa. Sindikatuek aurreratu dutenez, mobilizazioek abenduan jarraituko dute: abenduaren 10ean Bizkaian eta abenduaren 14an Osakidetza osoan berriro.