“Mugikorrik gabekoak gero eta gehiago izatea, arraroak ez izatea bilakatu arte”

Mikel Reina Barros

(Aner Mentxaka Alvarez)

Altxa Burua, 2019an, Tolosako guraso batzuek sortutako taldea da. Zabalduz joan ziren taldeak beste zonalde batzuetan, baita Txorierrin ere. Bailarako Altxa Burua taldearen abiapuntua Larrabetzun dago, duela hiru urte. Beste kontu asko bezala, eskolako patioan hasi zen gaia. Kezka bat zuten: umeen pantailen erabilera. Eta helburu nagusi bat: smartphone-ak ematea ahalik eta gehien atzeratzea. Hasieratik nabaritu zuten “indarrak batzeko beharra”, hau da, beste herrietako beste familiekin bailarako talde bat osatzea.

Azkenean, Txorierriko ume gehienak Derioko institutuan amaitzen dute. Bertan, egoerak “leher egiten” duela diote, baina arazoa “aurretik” dator. LH6tik DBH1erako jauzian kokatzen dute “momentu kritikoa”, hor erabakitzen baitute guraso askok mugikorrak ematea. Gaur egun, ikastetxeak ez direlako ezta arnasguneak ere. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 2022-2024 Digitalizazio Planaren barruan 160.000 ordenagailu eta panel interaktibo sartu dituzten hezkuntza sisteman. Baina ikerketek erakusten dute euskarri analogikoek “ulermen sakonagoa, kontzentrazio hobea eta oroimenaren atxikipen handiagoa” bultzatzen dutela. Horrela ulertzen dira PISA azterketetan emandako emai-tza baxuak azken urteetan.

LH 3. mailako ikasleen %19k eta 6. mailakoen %51k smartphone propioa daukate; DBHra iristean, berriz, ikasleen %92k dauka mugikor propioa. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, eskola-jazarpen kasu guztien artetik ziberjazarpena zirenak %19,83 izatetik %32,48ra igaro dira. Hori gutxi ez, eta bere klaseko erabilpenagatik, 400.000 ikasle eta irakasleren datuak Google enpresaren eskuetan daude.

Saretzea
Kontzientzia piztea izan da orain arte Altxa Buruaren helburu nagusietako bat. Horretarako, askotariko hitzaldiak antolatu dituzte Telmo Lazkano edota Gregorio Montero bezalako adituekin. Hain zuzen ere, 2025ean, Txorierriko Mankomunitateak Zamudion antolatutako saio baten kokatzen dute benetako abiapuntua.

Sarea. Hori da kontzeptu erabilinietako bat. Sarea eskolekin, guraso elkarteekin, mankomunitatearekin, udalekin eta zelan ez, beste gurasoekin. “Itunak bilatzen ditugu ahalik gehien atzeratzeko mugikorrak ematea, horregatik datak adosten saiatzen gara, taldeko indarra erabili”. Kolektiboaren indarra aldarrikatzen dutelako behin eta berriz. “Mugikorrik ez izateagatik, arraroa izatearen beldurra gainditzeko modua da arraro horiek gero eta gehiago izatea, arraroak ez izatea bilakatu arte”.

Diotenez, idealena izango litzateke 16 urtera arte atzeratzea gazteek smartphone-a izatea. Baina “presio soziala izugarria” dela diote aldi berean, “alde batera geratzeko beldurra hor dagoelako”. Gaur egun, nerabeen herenak baino gehiagok egunean 5 ordu baino gehiago igarotzen ditu mugikorrean, eta ikasleen % 46k gutxienez 4 ordu ematen ditu pantaila baten aurrean eskolan. Berez, Pediatria Elkartearen arabera, pantaila denboraren gehienezko muga gomendatuak (eskola eta etxeko denbora guztia batuaz) Bigarren Hezkuntzan 2 ordu baino gutxiago dira.

Gailu horiek “adikzioak sortzeko” eratuak direla gogoratu dute, eta horregatik gurasoak ere “eredu” izan behar dira bere erabilpenean. “Zentzuzko erabilera” bilatzen dute. Txorierriko Altxa Burua taldea “txikia” dela diote eta horregatik “besoak zabalik” dituzte beste edozeini taldera ongi etorria egiteko. Hilean behin inguru elkartzen dira guztiak.

Pantailen erabileraren inguruko arazoa oso zabala da, ertz asko ditu: hezkuntza, osasuna, sare sozialak.... Hain zuzen ere, ertz horietako batzuekin hitz egin nahi izan du Aikor aldizkariak. Aihen Curpion Lecue bigarren hezkuntzako irakaslea da, Mirene Beriain Rodriguez lehen mailako arretan pedriatra, Patricia Barron San Blas EHUko irakaslea eta ikertzailea gizarte zientzietan, eta zelan ez, protagonistekin beraiek, gazteak: Karle Marugai Aiartza, 12 urtekoa ikaslea. Elkarrizketa hauek hurrengo egunetan argitaratuko ditugu, banan-banan.