Taupa mugimenduak euskararen erabilera %20 igotzeko erronka dauka

Mikel Reina Barros

Euskararen Egunaren “izaera soziala eta aldarrikatzailea” indartu nahi du Taupa euskaltzaleen mugimenduak, eta euskararen erabileraren inguruko kontzientzian eta aktibazioan eragiteko ekintza bat proposatu du.

‘Guri toki guztietan egitea gustatzen zaigu’, ‘Noiztik ez duzu egiten?’ eta ‘Zuk uste baino jende gehiagok egin nahi du zurekin’ mezuak daramatzaten kartelak Euskal Herriko horma, zubi eta txokoetan zintzilikatu dituzte.

Zentzu bikoitzarekin jolastuz, herritarren arreta bereganatu, eta euskararen erabileraren inguruko kontzientzian eta aktibazioan eragin nahi dute. Horrela, mezu horiei lotuta, euskararen egoeraren inguruko datuak ageri dira karteletan. Mezu horiek Euskal Herri osora zabaldu nahi ditu Taupak, “jendea xaxatzeko eta geroz eta herritar gehiago euskararen erabilera aktibatzeko erronkara batzeko”. Eta hain justu, kartelak euskaltzale, euskara talde eta elkarte ororen esku jarri ditu, inolako kosturik gabe, euren herrietan zabal ditzaten. Parte hartu nahi dutenek Tauparen webgunearen bidez edota aktibazioa@taupamugimendua.eus helbide elektronikora idatziz egin dezakete. 

Taupak eta Euskalgintzaren Kontseiluko gainerako eragileek Pizkunderako Erronka 2036 proposamena aurkeztu zuten udaberrian, datorren hamarkadarako helburuak jarriz: urtean, 15.000 herritar baino, 30.000 euskalduntzea; euskararen erabilera % 15,3tik % 20ra pasatzea; Euskal Herriko hiru administrazioek hizkuntza politikara bideratutako aurrekontuak batez besteko % 0,45etik % 2ra igotzea; eta euskara bere lurralde osoan ofiziala izatea.