ELAk txosten bat aurkeztu du Hego Euskal Herriko etxebizitzaren krisiari buruz. Txostenean aztertzen du egungo higiezinen ereduak pobrezia eta desberdintasuna sortzen duela, salatzen du politika publikoak ez direla nahikoak, eta neurriak proposatzen ditu espekulazioa eragotzi eta etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko.
Salatu dute Pradalesen eta Chiviteren gobernuek, batez ere, eta, neurri txikiagoan, aldundiek eta udalek “eskumen zabalak” dituztela “espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko”. Horregatik, azaroaren 11ko greba orokorraren garrantzia nabarmendu dute, “etxebizitza politikak errotik aldatzea eskatzeko”. Jendartea mobilizatzea “ezinbestekoa” dela uste dute aldaketa hori gauzatzeko: “Azaroaren 11ko greba orokorra aukera ona izango da egungo politikak norabide berri bat har dezan”.