Derion egingo dute greba orokorreko Txorierriko mobilizazioa

Mikel Reina Barros

Argazkia: LAB

LAB, ELA, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak dira deitzaileak eta Bilbon 12:30ean Arriagatik aterako den manifestazioaz gain, arratsaldeko mobilizazioetako herriak eta orduak zehaztu dituzte. Txorierrin, Derion egingo dute 18:00etan hasita. 

Etxebizitzaren krisiak “okerrera egiten” jarraitzen duela salatu dute sindikatu deitzaileek: “Prezioen etengabeko igoerak, bizitegi-erabilerarako etxebizitzen kopuruaren murrizketak, etxegabetzeen gorakadak eta etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideen murrizketek gero eta egoera kezkagarriagoa erakusten dute”. Erantzule nagusitzat espekulatzaileak, errentistak eta etxebizitza negozio bihurtu duten eragileak jotzen dituzte. “Konplizitate instituzional hori” Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta foru-aldundien etxebizitza politiketan islatzen dela salatu dute. 

Hori Bai Gaztetxearen ekimena, Larrabetzuko AIRBNB etxebizitza turistikoan

Hori Bai Gaztetxearen ekimena, Larrabetzuko AIRBNB etxebizitza turistikoan

Egoera horren aurrean, “neurri partzialak eta promesa instituzionalak” nahikoak ez dirla argi dute. “Etxebizitza, osasuna edo hezkuntza bezala, eskubide unibertsal gisa bermatu behar da, eta horretarako ezinbestekoa da espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitzea”. Horregatik, azaroaren 11ko greba orokorraren erdigunean hiru aldarrikapen nagusi kokatu dituzte: “Espekulatzaileen esku pilatutako etxebizitzak desjabetzea, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea, eta etxebizitza zein haren baliabideak gizartearen beharren arabera antolatzea, merkatuaren logikaren arabera antolatu ordez”.

Egitaraua:

  • 06:45: Kotxe kedada Larrabetzuko zubibarrin Zamudiora joateko
  • 07:15: Eskualdeko piketea, Zamudioko Padel Bizkaia aurreko parkinetik hasita.
  • Ondoren: Gosaria, Zamudion
  • 09:00: Gosaria, Lezamako topalekua.
  • 10:07: Trena Bilboko mobilizazioetara.
  • 10:30: LAB zutabea, Done Petri plazan (Deusto)
  • 12:30: Manifestazio nagusia: Arriaga.
  • 17:30: Kotxe kedada zubibarrin Deriora joateko.
  • 18:00: Eskualdeko manifestazioa, Derion(Udaletxeko plazatik)